Irailean atxilotu zituzten Baigorrin (Nafarroa Beherea) Iratxe Sorzabal, David Pla, Pantxoa Flores eta Ramon Sagarzazu. Gara-k Pla elkarrizketatu du, eta hizpide hartu ditu Aieteko Adierazpenetik (2011-10-17) gaur egunera arteko prozesua, burujabetza, armagabetze prozesua eta Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Kontrako Mugimendua, besteak beste.
Azaldu duenez, aurrera begirako estrategia eta urratsak finkatze aldera, "pertsona eta eragile ezberdinen iritzi eta proposamenak" entzuten ari ziren atxilotu zituztenean: "Aietetik lau urte pasatu eta gero, gogoeta sakona egin behar zuela uste zuen ETAk, aurrera begirako estrategia eta urratsak finkatzeko".
Espainiako Gobernuarekin eta bitartekari lanetan aritutako eragileekin izandako harremanak xehatu ditu Plak: "Aieteko Konferentziara arte, prozesua irekitzeko helburuarekin, bitartekari talde batekin bizpahiru bilkura egin genituen. Talde horrek, ETArekin ez ezik, Espainiako Gobernuarekin egiten zuen harremana. Hor adostu ziren Espainiako Gobernuaren eta ETAren konpromisoak jasotzen zituen bide orria". Plak azpimarratu du ETAk bere konpromisoak bete dituela, baina ez, ordea, Madrilek: "Adostuta zegoen bertan [Norvegian, nahiz eta Plak ez duen herrialdea zehaztu] ETAren eta Espainiako Gobernuaren artean gatazkaren ondorioak gainditzeko elkarrizketak hasiko zirela. Baina Espainiako Gobernuak ez zuen bere hitza bete, ez horretan ez gainerako konpromisoetan". Hitzartutako eduki batzuen berri ere eman du: "Adostuta zegoen, esaterako, ETAk bere adierazpena egin ondotik gaixorik zeuden presoak askatu eta gainerako guztiak Euskal Herrira ekarriko zituela".
Beste xehetasun bat plazaratu du: 2012ko abenduan, PPren gobernuak bitartekari bat bidali zuen ETAko ordezkaritzarekin biltzera, "bide egonkor, iraunkor eta diskretu bat irekitzeko aginduarekin". Gero, Madrilek ez zuen bitartekari horrekin batzartu nahi izan.
Urteotan EAJk izandako jarrerarekin ere kritiko azaldu da: "ETAk Urkulluri idatzi zion, bere ordura arteko jarrerarekin kritiko, baina argi utzita uste genuela prozesuaren alde eginez gero paper garrantzitsua jokatzen ahal zuela, gure iritzia galdetu baitziguten. Eta Jaurlaritzak ETAk eta ezker abertzaleak emandako informazioa baliatu zuen ETAren eta ezker abertzalearen ekimenak kamusteko".
Armagabetzea eta ezker abertzalea
Armagabetze prozesuaz galdetuta, Plak nabarmendu du "garatzen" ari dela, ETAk nahi "baino motelago, Espainiako eta Frantziako estatuen ondorioz". Hala ere, jakinarazi du "kopuru handi bat" zigilatuta dagoela eta polizia operazioek ez dutela prozesu hori eten.
"Hil ala bizikoa" ikusten du ezker abertzaleak Abian eztabaidari ekin izana: "Zutik Euskal Herria-rekin ziklo aldaketa egiteko oinarria jarri zen [...]. Baina begi bistakoa da hasierako grina hura apaltzen joan zela, ziklo berria bere osotasunean zabaltzeko nahi baino zailtasun gehiago izaten ari garela eta, denborarekin, etsipen eta nora ez sentimendu bat sortzen ari dela". Hortaz, azken urteotako ibilbideari buruzko hausnarketa galdegin du: "Noraino barneratu eta garatu den estrategia berria, zertan asmatu den eta zertan egin den kale, zer oztopo aurkitu ditugun eta zer aukera ireki diren".
Ezker abertzalearen ildo ofizialarekin kritiko agertu direnen inguruan, gogor mintzatu da: "ETAk bere garaian gai hau aztertu zuen, eta datuak bazituen pertsona batzuek ATA ezker abertzalearen estrategia zalantzan jartzeko eta, areago, ezker abertzalea zatitzeko lehen urrats gisara abiatu zutela ondorioztatzeko". Erantsi du ezker abertzaleak "hutsuneak" dituela eta "ezinegona" dagoela, "baina konponbidea ez dator ATAk proposatzen duen ildotik". Plaren hitzetan, ezker abertzaleak ez du amnistia aldarria baztertu, "baina euskal preso eta iheslari politikoak etxera ekartzea lehentasun politikoa da. Eta horretarako akordioak bilatu behar dira, eta indarrak metatu; ahal diren guztiak".