Irlandako Poliziak Iñaki de Juana (Legazpi, Gipuzkoa; 1955) preso ohia 5.000 libra esterlinako (5.900 euro inguru) bermepean behin-behinean aske utzi du gaur arratsaldean. Aurretik, De Juana eguerdian atxilotu egin dute Belfast hirian, eta hango polizia etxe batera eraman dute. Goizean preso ohia hiri hartako auzitegi batera azaldu da, deklaratzeko asmoz, horretarako hitzordua baitzeukan. Arratsaldean Tom Burgess epailearen aurretik pasatu da.
Haren aurkako euro-agindua dela-eta, epaileak froga gehiago eskatu ditu. Izan ere, epailearen arabera, "terrorismoari gorazarre" delitua egiten duenak bi urteko kartzela-zigorra jasotzen du Espainian, eta Erresuma Batuak norbait estraditatzeko gutxiengo kartzela-zigorra hiru urtekoa dela.
Gaur 9:30erako -Euskal Herriko 10:30erako- Belfasteko auzitegi batean agertzeko hitzordua jarria zioten preso ohiari, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak bere aurka zabaldutako auziaren harira, abuztuan kartzelatik irten eta Donostian bere izenean irakurri zuten gutun bat dela-eta. De Juana hantxe aurkeztu da 9:00 pasatxo zirela, Kevin Winters abokatuarekin eta Irati Aranzabal bikotekidearekin. Bertako hainbat kide eta Euskal Herritik joandako hamabost bat lagun ere han ziren, babesa emateko. Baita ETAren biktima taldeetako hamar bat ordezkari ere, De Juana salatzeko.
Dena dela, atzeratu egin du agerraldia epaileak, gaztelaniazko itzultzailerik ez zegoelako. Saioa atzeratu ondoren atzeman dute De Juana. Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Gobernuko Justiziak ministroak adierazi du "ona" dela hura "Justiziaren esku" egotea.
Auzitegi Nazionalera deituta zegoen lehengo asteartean baina, agertu ez zenez, hura atxilotzeko nazioarteko agindua kaleratu zuen Velasco epaileak. De Juanak, ordea, deklaratzeko prest zegoela jakinarazi zion, Irlandan bere defentsa eramateko kontratatu duen abokatu bulegoaren bidez. Kevin R. Winters & Co bulegoak deklarazio hartzea idatziz edo bideokonferentziaz izatea eskatu zion Auzitegi Nazionalari, baina epaileak ez zuen onartu.
Preso ohia bilatu eta atxilotzeko agindua asteartean eman zuen Auzitegi Nazionalak, eta Espainiako Barne Ministerioak Schengeneko Informazio Sisteman jarri zituen De Juanaren datuak. Baina Irlanda eta Erresuma Batua ez dira Schengeneko kide.
Libre utzi zutenetik bere bila
Abuztuaren 2an utzi zuten aske Iñaki de Juana, 21 urtez preso egon ostean. Egun hartan bertan ongietorria egin zioten Donostian, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatuta. Preso ohia ez zen joan bere ongietorrira, baina pertsona batek eskutitz bat irakurri zuen bere izenean.
Gutun hori De Juanak berak idatzia den jakin nahian ari da Auzitegi Nazionala, "terrorismoa goratu" zen aztertzeko ikerketa abiatu nahi baitu. Beraz, De Juanari deklarazioa hartu nahian ari da Velasco epailea. Donostiako Lurralde Auzitegian deklaratzeko zitatu zuten aurrena, baina ez zuten topatu. De Juana aurkitzeko agindu zion gero Interpoli. Azkenik, Madrilera deitu zuen pasa den astearterako.
Euskal presoak
De Juana 5.000 libra esterlinako bermepean aske utzi du epaileak
Preso ohia abokatuarekin eta bikotekidearekin azaldu da goizean auzitegira, deklaratzeko asmoz, eta atxilotu egin dute. Epailearen aurretik pasatu da arratsaldean, eta honek haren aurkako euro-aginduaz froga gehiago eskatu ditu. De Juana bilatu eta atxilotzeko agindua asteartean eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, abuztuko gutun bat dela-eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu