Politika

De Juana atxilotzeko eta espetxeratzeko agindu du Velasco epaileak

Preso ohia ez da agertu Auzitegi Nazionalera, epaileak agindu bezala deklaratzera. De Juanaren Irlandako abokatuek deklarazioa han hartzeko edo bideo-konferentzia erabiltzeko eskatu diote epaileari, baina ez du onartu. Bere omenaldian irakurri zen gutunean "terrorismoa goratu" zela iritzita agindu du espetxeratzea epaileak. Bere abokatuen bitartez, De Juanak ukatu egin du berak idatzi zuenik.

2008ko azaroaren 11
18:43
Entzun
Akusazioek -Fiskaltza eta bikitmen elkarteak- egindako eskaera aintzat hartu, eta Iñaki de Juana preso ohia bilatu, atxilotu eta espetxeratzeko agindu du Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.

11:00etan hitzordua zuen De Juanak Auzitegi Nazionalean, Velascoren aurrean inputatu gisa deklaratzeko, "terrorismoa goratzeko" delitua egin zuela uste baitu epaileak. Preso ohia aske utzi zutenean omenaldia egin zioten Donostiako Alde Zaharrean -bera ez zen ekitaldian izan-, eta han irakurri zen gutun batean "terrorismoa goratu" izanaren zantzuak ikusten ditu epaileak, besteak beste, Txomin Iturbek erabili ohi zuen aurrera bolie esapidea jasotzen zelako. Gutuna De Juanak berak idatzi ote zuen argitzeko deitu zuen deklaratzera Velascok.

De Juana Irlandan dago, eta han dituen abokatuek, Kevin R. Winters and Co. etxekoek, deklarazioa Irlandan har ziezaiotela edo bideo-konferentzia baliatzeko eskatu diote Velasco epaileari, baina ez du onartu. Abokatu horiek ez direla auziko parte argudiatu du epaileak eskaera atzera botatzeko. Bufete horrek aditzera eman duenez, De Juanak ukatu egin du bere omenaldian irakurritako eskutitza idatzi zuenik. Gaineratu duenez, Belfasten bizi da egun eta ez du Madrilera joateko asmorik. Hamar egunetan Auzitegi Nazionalean agertzen ez bada, justiziaren iheslaritzat joko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.