Atzo Fiskalak egindako eskaera neurri batean aintzat hartuz Iñaki de Juana ETAko preso ohia bilatzeko eta galdekatzeko agindu du Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Zehazki, bilatzeko eta bere etxean, Donostian, galdekatzeko hitzordua jartzeko agindu du epaileak; Donostiako epaitegien esku utzi du deklarazioa hartzea.
Auzitegi Nazionaleko iturriek agertu dutenez, neurri horren bidez ongietorri ekitaldian irakurri zen gutuna preso ohiak idatzi zuen argitu nahi du epaileak.
Abuztuaren 2an, Iñaki de Juana aske utzi zuten egunean, ongietorria egin zioten Donostiako Alde Zaharrean. Preso ohia ez zen ekitaldira joan, baina gutun bat irakurri zuten haren izenean. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren arabera, idatzi horretan "terrorismoa goratzen" da, bestea beste, Txomin Iturbe ETAko buruzagi zena "gizon handia" zela esaten delako edo haren aurrea bolie! esaera ezaguna aipatzen delako.
Nolanahi ere, poliziek -Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta Ertzaintzak- egindako ikerketa txostenen arabera, ez dago esaterik ekitaldi hartan irakurri zen eskutitza De Juanak idatzi zuenik.
Politika
De Juana bilatzeko eta galdekatzeko agindu du epaileak
Galdeketa bere etxean, Donostian, egin behar zaiola zehazten du Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduak. Ongietorri ekitaldian irakurri zen gutun bat dela eta, "terrorismoa goratzea" leporatzen diote preso ohiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu