EUskal presoak

De Juana "bizi osorako zigortu nahi dutela" salatu du Etxeratek

Iñaki De Juana Chaos preso donostiarrak espetxean segi beharko du, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epaileak auzipetu egin baitu pasa den abenduan prentsan argitaratutako bi artikulu direla eta. "Erakunde armatuko kide" izatea eta, "mehatxu terroristak egitea" leporatu dizkio Pedraza epaileak Iñaki De Juanari. Hartutako erabakiaren aurrean Etxeratek Espainiako Gobernuak euskal presoekin duen jarrera salatu du, eta EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak "politika hiltzaile horiei guztiei duintasunez aurre egingo diela" gaineratu du.

2005eko abuztuaren 22a
17:22
Entzun
Iñaki De Juana Chaos Espainiako Auzitegi Nazionalera eraman dute gaur espetxetik. Han, deklarazioa hartu eta auzipetze autoaren berri eman dio Santiago Pedraz epaileak. Halaber, prentsan argitaratutako gutunetan ustez mehatxatutako hiru zuzendariordek, zuzendariohi batek eta zuzendariorde batek deklaratu dute.

Gutuneko ustezko mehatxuak eta deklarazioak

Espainiako Auzitegi Nazionalean egindako saioan hiru kartzela zuzendarik, zuzendariohi batek eta zuzendariorde batek deklaratu dute lekuko eta kaltetu gisa auzi horretan. Denek esan dute De Juanak "zuzenean mehatxatuta" sentitzen direla, honek beraien izenak aipatu zituelako prentsan idatzitako artikuluetan. Bostek esan dute De Juana "ETAko presoen kolektiboko buruzagi eta bozeramaile erradikalena bailitzan aritzen zela kartzelan". De Juana bere aldetik auziperatzearen kontra aritu da,eta esan du urtarrilean egindako deklarazioari eusten diola. Ordungo deklarazioetan preso donostiarrak ukatu egin zuen mehatxurik egin zuenik, eta idatzitakoa bere adierazpen askatasunaren baitan kokatu zuen.

Etxeraten salaketa

De Juanak espetxean segi beharko duela agindu du Pedraza epaileak, eta erabaki horren aurrean Espainiako Gobernuak euskal presoekin duen jarrera salatu du Etxeratek. "Preso dituen gure senideak ez askatzeko neurri ezberdinak hartzen ari da, eta kasu honetan, bi iritzi artikulu aitzakia hartuta bizi osorako zigortu nahi dute De Juana", esan du Etxeratek. Espainiako Gobernua azken denboraldian erakusten ari den jarrera, hau da "preso dituen gure senideak inondik inora ez askatzearena", Euskal Herriarekin duen "gatazka errepresioaren bidez amaitzeko egindako apostuaren frakasua" dela gaineratu du. Euskal presoek "politika hiltzaile horiei guztiei duintasun osoz aurre egingo diela" azpimarratu du Etxeratek.

Epaileak bere iritziaren aurka hartutako erabakia

Bere iritziaren aurka hartu du Pedrazek erabakia. Izan ere, iragan ekainaren 10ean auto bat kaleratu zuen, eta De Juanaren kontrako sumarioa itxi eta presoa ez auzipetzea erabaki zuen. Pedrazen arabera, euskal presoak prentsan idatzitako bi artikuluetan ez dago delitu zantzurik. Epaileak presoa aske uzteko agindua ere eman zuen. Auto horren arabera, De Juanak abuztuaren 3rako aske behar luke.

Baina, fiskaltzak helegitea jarri zuen erabaki horren kontra, eta Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak atzera bota zuen Pedrazen erabakia, uztailaren 7an. Zigor Salak delitu zantzuak badaudela ebatzi zuen, eta "nahikoa arrazoi" ikusten zituela De Juanaren "talde armatuko kide izatearen eta mehatxu terroristak egitearen delituak leporatzeko". Auzia berriro Pedrazi itzuli zion Zigor Salak, eta epaileak egin duen lehen diligentzia presoa auzipetzea izan da.

De Juanak iazko urrian bete zuen ezarritako espetxe zigor osoa, baina aurretik espetxeak onartutako erredentzioak atzera bota eta luzapen hori presoa auzipetzeko baliatu zuen Auzitegi Nazionalak. Tartean idatzi zituen gutunak De Juanak eta auzitegiak sumarioa ireki zion. 18 urte daramatza preso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.