Espainiako Auzitegi Nazionalak azkenean bihar erabakiko du Iñaki de Juana euskal presoarekin, ez gaur, aurreikusia zegoen bezala. 9:30ean hasiko da aztertzen. Gainera, ez dute kasuko hiru epaileek bakarrik erabakiko; Alfonso Guevara epaimahaiburuak Auzitegi Nazionaleko Zigor Sala osoaren babesa eskatu du, erabakia "ohiz kanpokoa" dela eta aurrekaria ezar dezakeela iritzita. Ondorioz, Zigor Salako 17 epaileek parte hartuko dutebihar ebazpenean.
Erabakia hartzeko eskuan dute 12 de Octubre ospitalaren mediku txostena, baita Espainiako Fiskaltzaren, AVTren eta defentsaren eskaerak ere. 12 de Octubrek astelehenean bidali zion txostena eta presoa “hiltzeko arrisku handia” dagoela zioen. Medikuek ez dute baztertzen, gainera, presoa “bat-batean hiltzea”. Izan ere, De Juana oso larri dago. Bigarren gose grebaren 79. eguna du gaurkoa.
Etxean preso edukitzea Fiskaltzaren ekaera
Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak Espainiako Fiskaltzari eta AVTri iritzia eskatu die, orain dela hilabete batzuk De Juana epaitu zuenean Fiskaltza eta AVT epaiketan parte izan zirelako (zigor eskaerak egin zituzten). AVTk kartzela zigorra mantentzea eskatu du eta De Juana elikatzera behartzea, osasun egoerak okerrera egiten badu. Espainiako Estatuari "xantaia" egiten ari zaio De Juana, AVTren ustez. Fiskaltzak, berriz, etxera eramatea eskatu du baina han edukitzea preso, poliziek zainduta. Fiskalak onartu du ez legokeela arriskurik presoak ihes egiteko.
Atzo Alvaro Reizabal abokatuak Auzitegi Nazionalean presoa behin-behinean aske uzteko idatzia sartu zuen. “Giza arrazoiak” aipatu zituen Reizabalek, baita presoak ihes egiteko “aukerarik eza” ere. De Juanaren amaren osasun fisiko txarra ere aipatu zuen idatzian. Atzoko eskaeraz gain, defentsak Auzitegi Gorenera helegitea sartuta du, azken epaiketan Auzitegi Nazionalak hartutako erabakiren kontrakoa, eta De Juana libre uztea eskatzen du. Jone Goirizelaia abokatuak eta Batasuneko kideak, berriz, aukera bakarra De Juana libre uztea izan beharko litzatekeela esan du gaur.
Preso donostiarra azaroaren 24tik dago 12 de Octubre Madrilgo ospitalean, zaintzan. “Epe ertainera hiltzeko arrisku handia du edo ondorio sendaezinak izatekoa”, dio mediku txostenak.
Medikuek, presoak abuztutik orain arte bi gose greba luze egin izana azpimarratu dute. Aurreneko aldian 63 egunez egon zen greban. Ondoren berriro ekin zion, Auzitegi Nazionalak 12 urteko kartzela zigorra jartzean bi iritzi artikulurengatik. Ospitalekoak De Juanaren borondatearen kontra ari dira elikatzen, eta presoak horri “gogor kontra” egiten diola esan dute.
Presoak
De Juana etxera eraman edo ez Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako epaile guztien artean erabakiko dute
Kasuko epaileek beste hamalauen babesa eskatu dute erabakia "ohiz kanpokoa" dela iritzita. Fiskalak De Juana etxean preso izatea eskatu du, hiltzeko arriskua duela-eta. Bihar hartuko dute erabakia. 12 de Octubre ospitalak astelehenean egindako mediku txostenak esaten du ez dutela baztertzen presoa “berehala hiltzea”. Bigarren gose grebaren 79. eguna du gaurkoa De Juanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu