Euskal presoak

De Juana Irlanda iparralde osoan bilatzeko agindua eman du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Eloy Velasco epaileak Interpoli preso ohia duela astebete Dublinen bilatzeko agindu zion, baina Poliziak dio ez duela aurkitu. Beste lagun bat inputatu egin du eta hiru lekuko gisa deitu ditu.

2008ko urriaren 1a
17:26
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak berriro agindu dio Interpoli Iñaki de Juana euskal preso ohia bilatzeko. Duela astebete Dublinen (Irlandako Errepublika) aurki zezan agindu zion, De Juana han zegoelakoan abuztuaren 2an zigorra beteta Aranjuezko (Espainia) kartzelatik irten zuenetik, baina Interpolek ez du topatu, eta auzitegiak orain Irlanda iparralde osoan bilatzeko eskatu dio. Eloy Velasco epaileak eman du agindua.



Izan ere, espetxea utzi ondoren Donostian egin zioten omenaldian irakurritako eskutitza berea den edo ez De Juanaren beraren ahotik entzun nahi du Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hura aurkitzea nahi du, inputatu gisa deklaratzera deitu ahal izateko.

Horretaz gain, ordea, Agustin Jimenez Aldalur inputatu egin du epaileak, eta hilaren 16an Madrilera joateko eskatu dio, deklara dezan, De Juanari egindako omenaldian parte hartu zuela egotzita. Gorka Etxebarria, Hodei Egaña eta Aitor Soto, berriz, lekuko gisa deitu ditu.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) prestatu zion De Juanari omenaldia -denera 21 urtez egon zen kartzelan-, baina preso ohia ez zen joan bertara, hedabideak bere aurka egiten ari ziren "zirku mediatikoa" saihesteko, berak esan zuenez. Ekitaldian gutun bat irakurri zuten haren izenean.

Eskutitz horretan "terrorismoa goratu" zen zantzuak ikusi zituen Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak -Eloy Velascoren aurretik zegoen-. Gutunean, Txomin Iturbe eta Esteban Esteban Nieto Kroma etakideen aipamena egin zen. Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako Polizia Nazionalari txostenak eskatu zizkien epaileak, baina ezin izan zuten zehaztu nork idatzia den gutuna. Hori ikusita, eta fiskalak hala eskatuta, De Juana galdekatzea erabaki zuen Velascok.

Honek Donostiako Lurralde Auzitegiari eman zion preso ohiari deklarazioa hartzeko ardura, bizilekua han zuelakoan. Hala ere, ezin izan zuten De Juana topatu, eta Espainiako Poliziari bilatzeko agindu zion Auzitegi Nazionalak abuztuaren 18an.

De Juanak berak Espainiako enbaxadari emandako datuak aintzat hartuta, Dublingo helbide bat eta bi telefono zenbaki ageri ziren Velascoren lehen aginduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.