Iñaki de Juana presoaren egoera "muturreraino okertu" dela jakinarazi du Etxerat-ek, eta azken orduko gertakariek eragin zuzena dutela horretan guztian. Askatasunak eta Etxeratek esan dutenez, atzo 12 de Octubre Madrilgo ospitalean De Juanari hiru aldiz ezarri zioten bortxaz elikatzeko zunda nasogastrikoa, beste hainbatetan presoak kendu egin zuelako. Hori dela-eta, ohera indar handiz lotzea erabaki zuten, besoak eta zangoak ez ezik, baita bularraldea ere. Haren ingurukoen arabera, "oso estu" daukate ohera lotuta eta, ondorioz, "eskumuturrak more-more eginda dauzka".
Dena dela, egun osoz lotuta daukatela esan bada ere, Etxeratek gaur arratsaldean jakinarazi du eguerditik gauera dutela lotuta medikuek, elikatzen duten bitartean.
Egoera fisikoa larria izateaz gain, Espainiako Poliziaren tratua presoarekiko eta haren neska-lagun Irati Aranzabalekiko txarra izaten ari da, Etxeratek salatu duenez. "Otsailaren 11n, adibidez, poliziek irainka jardun zuten gau osoan. Ospitalean tentsio handia izan zen eta Iñakik gau hartan bertan kilo eta erdi galdu zituen. Otsailaren 24an, berriz, Iñaki zunda gabe zenean, poliziak gelara sartu ziren eta Iratiren ohea pasillo artera atera zuten. Iñaki eta biek, protesta gisa, lurrean egin zuten lo. Argi ikusten da tortura hori noraino eraman nahi duten".
Azken batean, Espainiako Gobernua De Juana "torturatzen" ari dela esan dute Etxeratekoek, espetxe politika "hiltzailea" dela salatu dute, eta lehengo astean lanuztearen alde azaldu ez ziren alderdi eta sindikatuak ere kritikatu dituzte. "Kasu honek izan dezakeen ondorioetan pentsatu eta hortik abia dezatela euren hausarketa".
Presoak 55 kilo pisatzen ditu egun, ahuldade handia du eta ezin du zutik jarri, zorabiatu egiten delako. Glukosa 47an daukala azaldu dute -"100ean izatea da normala"-, eta hortik behera jaitsiko balitzaio koman sartuko litzatekeela.
Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak, berriz, De Juanaren "inguruko askok" presoa hiltzea nahi luketela esan du, gertakari horretatik "irabazpide politikoa" ateratzeko. Espainiako Gobernuaren egitekoa "legea aplikatzea" dela azpimarratu du, eta hala egingo duela De Juanaren kasuan.
Presoak
De Juana koman sartzear egon arren polizien tratua txarra dela dio Etxeratek
Askatasunaren arabera, presoak glukosa 47an du eta, beraz, koman sartzeko arriskua dauka. De Juanaren egoera "muturreraino okertu" dela dio Etxerat-ek. Atzo hiru aldiz kendu zuen medikuek bortxaz elikatzeko jarritako zunda. Ondorioz, besoak eta zangoak ez ezik, bularraldea ere ohera lotu diote, "oso estu". Etxeratek Espainiako Poliziaren tratua salatu du, adibide batzuk emanez. De Juanak 114. eguna du gaurkoa gose greban. Jose Blanco PSOEko buruzagiak esan du De Juanaren "inguruko askok" presoa hiltzea nahi luketela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu