65. eguna du gaur Iñaki de Juana euskal presoak gose greban; hain zuzen, abuztutik daraman bigarren gose greban. Aurrenekoan 63 egun egin zituen eta, bi iritzi artikulurengatik 12 urteko kartzela zigorra jarri ondoren, berriro ekin zion protestari. Madrilen 12 de Octubre ospitalean daukate Espainiako segurtasun indarrek, ohean lotuta. Hala ere, De Juana "animo eta indarrez beteta" dago. Hala esan du berak, gutun batean.
Hain zuzen, Amnistiaren Aldeko Mugimenduek (AAM) lehengo zapatuan Donostiako Belodromoan egin nahi zuten ekitaldirako gutuna prestatu zuen De Juanak -Espainiako Auzitegi Nazionalak debekatu egin zuen ekitaldia-, eta Askatasunak gaur helarazi die hedabideei eskutitz hori.
"Dakizuen bezala -dio De Juanak-, euskal preso politikoen egoera ez doa hobetzen, bestela baizik; gero eta eraso gehiago jasotzen ditugu. Nire kasua, adibide bat besterik ez da". Haren ustez, espetxe administrazioak uko egiten dio "euskal preso politikoak" direla aitortzeari, "eta ez dute nahi aitortu gu kartzelan zergatik gauden zergatia". De Juanak dio gatazkaren konponbideak baino ez dituela ekarriko "justizia eta askatasuna", eta horregatik borrokatzen direla.
Hala, amnistia eskatu du donostiar presoak gutunean, "aministia ez baita soilik kartzelan gaudenak aske uztea, baizik eta gatazka politikoa dagoela aitortzea eta konpontzea".
Belodromoan bildu behar zutenei animoak bidali zizkien gutunean, "datorrenari eusteko, gehien egon beharreko une hauetan borrokan segitzeko".
Bihar eta etzi mobilizazioak
Askatasunak ostiral honetarako mobilizazio deia egin du, "De Juanaren eta gainontzeko guda bahitu gisa dituzten preso politikoen berehalako askatasuna exijitzeko". Kandelak eskuetan egingo dituzte mobilizazioak herri eta hirietan.
Bestetik, Sebas Bedoureten askatasuna eskatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko Amnistiaren Aldeko Mugimenduek. Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzaren aurrean izango da, 19:00etan. Bedouret Parisko Txalaparta Irratiko kazetaria da eta larunbatean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Hernanin, ustez ETAren Zutabe aldizkariaren ale bat zuela. AAMen ekitaldira zihoan, AAMko ordezkariekin eta nazionarteko delegazioko ordezkaritzarekin batera, autobusean. Ismael Moreno epaileak espetxera bidali zuen herenegun. AAMk esan dute haren atxiloketa "muntaia poliziala" izan dela eta Bedouretek torturak jaso dituela salatu duela.
Presoak
De Juanak amnistia eskatu du, gose greban bi hilabete daramatzanean
Euskal presoak bigarren gose grebako 65. eguna du gaurkoa, baina "animo eta indarrez beteta" dagoela dio Belodromoko ekitaldirako prestatu zuen gutunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu