Alvaro Reizabal Iñaki de Juanaren abokatua Madrilen da, presoari Espainiako Auzitegi Gorenak erabakitako zigor gutxitzearen eta horrek zabaltzen dituen aukeren berri ematera joanda. "Garbi dago -berak hala esan baitit- Iñakik ez duela onartuko espetxera lo egitera joatera beharko duen hirugarren gradurik, edo halako gauzarik", esan du goizean Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Hau da, bere burua espetxetik kanpo ikusi arte De Juanak gose greba bertan behera uztea zail ikusten du abokatuak. Gaur du 99. eguna bere borondatez elikagairik hartu gabe.
Gorenaren erabakiak gazi-gozo utzi du Reizabal: De Juanak errugabe eta aske beharko lukeela uste du, baina auzia joan den moduan joanda, "abokatu gisa pozik" dagoela onartu du. "Kontuan hartzen badugu hasi ginela 96 urteko eskaerarekin, gero 12 urte eta 7 hilabete ezarri zizkigutela, eta, orain, gure helegitea onartu eta 3tan geratu dela, ba abokatu gisa bai, pozik nago".
Ildo horretatik, Auzitegi Konstituzionalera joko dutela iragarri du, presoak idatzi eta Gara-k plazaratu zituen artikuluetan deliturik ez dagoela iritzita. Hots, errugabetzea nahi dutela nabarmendu du Reizabalek.
De Juanak aske geratzea beste aukerarik ez duela onartuko berretsi du haren abokatuak
Lotara espetxera joatera behartuko lukeen hirugarren graduari edo antzeko neurriei muzin egingo liekela uste du Alvaro Reizabalek. Espainiako Auzitegi Konstituzionalera joko dutela iragarri du, iritzi artikulu horien bidez De Juanak ez zuela deliturik egin uste baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu