Presoak

De Juanaren abokatuak "garbi" du presoak gose greba "bukaeraraino" egingo duela

Alvaro Reizabalek atzo jakinarazi zion Auzitegi Nazionalaren ebazpena presoari, fisikoki "oso ahul" ikusi zuen, "baina egindako apustuaz seguru dago". De Juanak "oso haserre" hartu du erabakia, baina "espero" zuen. Bigarren gose grebaren 81. eguna du gaurkoa.

2007ko urtarrilaren 26a
19:23
Entzun
Espainiako Fiskaltzaren eskaeraren kontra (etxera preso zaintzapean eramatea), Iñaki de Juana euskal presoa orain arteko egoera berean mantentzea erabaki zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Salak, eta "erabaki hori hartzeko moduagatik oso haserre" dago presoa, gaur haren abokatu Alvaro Reizabalek esan duenez. "Izan ere, hura askatzeko erabakia hartuta zegoen, baina epaile kontserbadoreenek kolpe bat eman, batzarra antolatu eta erabakia aldatu egin zuten". Dena dela, De Juanak erabakia "espero" zuela adierazi du Reizabalek, "arrazoiak politikoak" direlako.



Atzo bertan jakinarazi zion ebazpena abokatuak presoari, fisikoki "oso ahul" ikusi zuen, "baina egindako apustuaz seguru dago. Eta garbi dut bukaeraraino egingo duela gose greba, badakielako ez zuela deliturik egin [bi iritzi artikuluetan]".

Defentsak atzotik hiru eguneko epea du helegitea sartzeko. Behin-behinean aske uzteko eskatu zuen aste honetan, 12 de Octubre ospitaleko mediku txostenaren ondoren Auzitegi Nazionalak kasua aztertzea erabaki zuela-eta. Txostenak dio presoak "hiltzeko arrisku handia" duela. Izan ere, bigarren gose greban 81 egun daramatza dagoeneko.

Espainiako Auzitegi Gorenean ere sartua du helegitea defentsak. "De Juanak berdin jarraitzea, auzitegiaren mendekua da". Auzitegi Nazionalak De Juanari 12 urteko kartzela zigorra jarri zion bi iritzi artikulurengatik, eta defentsak absoluzioa eskatua du. "Gorena izateko, nahikoa azkar doa kontua. Seguru gaude absolbiltzeko aukerak daudela, baina aukera hori egon eta De Juana aurretik elbarri geratzea edo hiltzea oso larria litzateke", dio Reizabalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.