Hondakinak

Debabarrena eta San Markosko mankomunitateek auzitara eramango dute Zubietako plantaren kontratuen etetea

Denis Itxaso San Markoseko mankomunitateko presidenteak esan du helburua kalte ordainetan gastatutako dirua berreskuratzea dela.

urtzi urkizu
2014ko urtarrilaren 28a
14:26
Entzun

San Markos eta Debabarrenako mankomunitateetako presidenteek gaur Donostian iragarri dute administrazioarekiko auzi prozesua aurkeztuko dutela epaitegietan, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak eta Zubietako errauste planta egitea egokitu zitzaien enpresen artean egin zen kontratu etetearen aurka. San Markosko Mankomunitatearen arabera, 13 milioi euroko kalte ordainak ordaindu dizkiete enpresei. Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak azaroan azaldu zuenez, zortzi milioi euroren truke moztu zuten kontratua. Erabaki horiek Gipuzkoako "interes orokorren aurka" hartu zirela salatu du San Markoseko mankomunitateko presidente Denis Itxasok. 

Arcadio Benitez Debabarrenako mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, kuotak igo ziren Zubietako planta finantzatu ahal izateko. "Ez du zentzurik kuota berak kobratzen jarraitzea, lanak geldirik daudenean. Herritarrak ordaintzen ari dira planta egiten ariko balitz bezala". Benitezek azaldu duenez, GHKri hondakin tona bakoitzeko 145 euroko tarifa ordaintzen dio mankomunitateak.

Itxasok gogorarazi du EAEko Auzitegi Nagusiak abenduan emandako epaiak hankaz gora jartzen dituela GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioko argudioak. "Ebazpen horren argudio batzuk erabili ditugu gure posizioa sendotzeko", esan du Itxasok. Aitortu duenez, epaitegien erantzuna legealdi hau pasatu eta gero iritsi daiteke. Epaitegiek bi mankomunitateei arrazoia emango balie, Itxasok uste du errauste planta egiteko kontratua berriro martxan legokeela.

San Markoseko mankomunitateko presidenteak, bestalde, gaineratu du GHK-k "entzungor" egin diola Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazitako borondateari: "Foru arauari eta horren aurrerapen-agiriari".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.