Abuztuaren 12an gertatu zen erasoa. Donejakue bidea oinez egiten ari zen andrazko bati sexu erasoa egin zioten, eta lapurtu ere egin zuten; Zarauztik Debarako bidean jazo zen erasoa, Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi du atxilotu egin duela ustez erasoa egin zuen gizona. 30 urte ditu, eta Eibarkoa da.
Gizonak, ustez, motoan eramatea eskaini zien bidea egiten ari ziren bi emakumeri. Haietako batek onartu egin zuen eskaintza. Bidetik apartatu eta txabola batera eraman zuen, Herrizaingo Sailak azaldutakoaren arabera. Han sexu erasoa egin zion, eta zenbait objektu lapurtu: eskuko telefonoa, argazki kamera eta 90 euro.
Andrea lagunarengana itzuli zen, eta salaketa jarri zuen Debako ertzain etxean. Ikerketak hasi zituen Ertzaintzak, eta atzo atxilotu zuten, Eibarren bertan. Ertzaintzaren esanetan, andrearen telefonoa eta argazki kamera atzeman dituzte gizonaren etxean.