Komunikazioa

'Debatea'-ren arduradunei joan den astean esan zien ETBk saioa kenduko zutela

EH Bilduk Barinagaren agerraldia eskatu du legebiltzarrean, 'Debatea' kentzeko arrazoiak emateko. EITBko LABek salatu du "EAJren esanetara" dagoen zuzendaritzak "zentsuraren bideari" heldu diola.

urtzi urkizu
2015eko urtarrilaren 30a
12:56
Entzun

Karmelo Vivanco 'Debatea' saioko ekoizle eragileak BERRIAri esan dionez, joan den astean jakinarazi zion ETBk Baleuko ekoizpen etxeari eta lan taldeari saioa otsailaren 12an amaituko zela. Vivancoren arabera, aurretik ari zen ETBko zuzendaritza aztertzen saioarekin zer egin. Saioan aldaketa batzuk ere egin zituzten, datuak hobetzeko asmoz. "Ikusle datuak azken aldian irregularrak ziren, eta joera ez zen goranzkoa", azaldu du ekoizleak. Vivancoren iritziz,  saioa kentzeko ETBk hartutako erabakia ez da politikoa izan.

EH Bilduren agerraldia eskaera

EH Bilduk esan duenez, "ulertezina" da duela hiru aste Edu Barinaga ETBko zuzendariak Debatea programak jarraituko zuela esatea eta orain, "sorgin ehizaren" ostean, saio horren amaiera iragartzea. Urtarrilaren 9an ETBko programazio berriaren nondik norakoak azaldu zituen Barinagak Bilbon. Debatea saioak jarraituko zuela esan zuen orduan. "Geroztik, elementu berri bakarra dugu, unionismoak Zubimendiren kontra abiarazitako kanpaina, alegia", esan du Unai Urruzuno legebiltzarkideak. "Kritikak isilarazteko ETBren formula 'Debatea' kentzea al da?".

Urruzunoren iritziz, Zubimendi bera baino adierazpen eta pentsamendu askatasunak jarri ditu "unionismoak" jomugan, "bere pentsamendu bakarra nola edo hala inposatu nahian". ETBk hartutako norabidearekin gogor mintzatu da legebiltzarkidea: "Gezurra dirudi ETB ere joko maltzur horretan erori izana, komunikabide orok lehenik eta behin adierazpen askatasuna defendatu behar duelako. Zubimendik, bere eskubide sozial eta zibil guztien jabe den heinean, eskubide osoa du ETBko saioetan gonbidatua izateko".

EITBko LABen salaketa

Gogor mintzatu da, halaber, EITBko LAB. "Alderdi espainolistei egindako presioei aurre egin beharrean, EAJren esanetara dagoen zuzendaritzak zentsuraren bideari heldu dio, eta gainera ez du solaskidearen parte hartzea etetearekin nahikoa izan, eta programa osoa da bertan behera utzi duena". LABen arabera, argitaratutako aitzakiak "ulertezinak" eta "onartezinak" dira. EITBko LABek konponbidea bilatzeko eskatu die alderdi politikoei eta eragileei. "Izan ere, zuzendaritza bat joan, beste bat etorri, ildo editorialaren eta informazioaren kontrolaren sakoneko arazoa bertan mantendu izan da beti". Aldaketarako proposamen bat lantzen hasiko da sindikatua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.