Txilibitu hotsak bueltatu ziren atzo arratsean Hondarribira (Gipuzkoa). Alarderako entseguak hasteko eguna zuten Jaizkibel konpainia mistoko kideek, berezia aurten: ohiko bidea aldatu egin du Eusko Jaurlaritzak. Txilibitu hotsek funtzio bikoitza izan zuten: alardeko doinu ez ezik, erabakia salatzeko hots ere izan ziren. Dozenaka lagunek babestu zituzten konpainiako kideak, eta ibilbidea aldatzearen aurka egin.
Astea auzitegiei begira pasatu dute Jaizkibel konpainiako kideek: Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak bidea aldarazi egin die entseguetarako eta alarde egunerako, eta helegitea jarri zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. Ordea, epaileak ontzat jo du Herrizaingo Sailaren erabakia, eta nabarmendu du horrek ez duela urratzen eskubiderik. Zer egin erabakitzeko bilera egin zuten herenegun arratsaldean konpainiako kideek, eta han erabaki zuten men egitea entseguetako ibilbidea aldatzeko aginduari.
Lehen entseguarekin batera, Jaizkibelek kalera ateratzeko deia egina zien atzo herritarrei,San Pedro kaletik igarotzea debekatu izana salatzeko. Txapel gorria eta kolorezko zapia hartuta babestu zuten konpainia mistoa dozenaka herritarrek. San Juan de Dios kalean zuten hasiera, eta ekitaldi bat egin zuten. Kantinera eta tenientea aurkeztu, eta kideei eman zieten ibilbidea aldatzeko debekuaren berri. Ertzaintzak ohartarazi zien haien aurka joko zuela debekua ez bazuten aintzat hartzen. Betetzea erabaki zuten.
Sartzea zuten galarazpen, eta inguruko kaleetan egin zuten entsegua, txilibitu eta danbor hots artean. Ertzainek hurbiletik zaindu zituzten. Udaltzainek ez, ertzainek. «Udaltzainen txosten bat oinarri hartuta galarazi digute San Pedro kaletik pasatzea, baina udaltzainek ez gaituzte babesten, ertzainek baizik, manifestazio gisa atera behar izaten baitugu. Ertzainak azken urteetan San Pedro kalean ez dira sartu istilurik ez zelako, eta orain galarazi?». Egoera bidegabea dela salatu du Eli Olaskoaga Jaizkibeleko kideak.
Konpainiako 150 bat kidek egin zuten alardeko entsegua atzo, dozenaka herritar bidean babesle zituztela. Txapela eraman ohi dute entseguetara, baina, atzo, egoeraren berezitasunaren adierazgarri, koloreetako zapia ere jantzi zuten. Hala egin zuten bide osoa.
20:00etatik 22:00ak arteko baimena zuten entsegua egiteko; baimena, eta San Pedro kalean sartzeko debekua. Protesta eginez bete zuten: kalearen inguruan jarri, eta hamar bat minutuz danborrak eta txilibituak jotzen aritu ziren. Jotzaileak sartu gabe, baina hotsa sarraraziz. Jendetza handia bildu zen une horretan Zuloaga kalearen inguruan; bide osoan egin zuten legez, txaloka hartu zuten alarde parekidearen pasaera, eta atzetik jarraitu ere egin zioten askok. Salbuespen bakanen bat izan zen, etxeko leihora irten eta txistu egin zienen bat.
Bi orduren buruan, agindutako garaian, amaitu zen entsegua. Amaitu zen debekua. Eta, soldaduen gisan, hautsi zuten lerroa. Orduan sartu ziren kide zenbait, txapela buruan baina konpainia osatu gabe, San Pedro kalean.
Gaur eta bihar ere badituzte entseguak, betiere kale horretatik pasatzeko debekuarekin. Eta benetako eguna, irailaren 8a, osteguna. Herrizaingo Sailak aginduta eta auzitegiak berretsita, ezingo dute pasa Harresilanda kaletik, Gernikako Arbola parkearen ingurutik. Aginduaren kontra beste helegite bat jarri du Jaizkibelek. Eguna iritsi aurretik erabaki beharko du auzitegiak orain arteko ibilbidea egiten utzi edo ez.
Debekuaren aurka, txilibitua
Hondarribiko alarde mistoak lehenbiziko entsegua egin du, Herrizaingo Sailak agindutako ibilbide aldaketa beteta. Dozenaka herritarrek babestu dute konpainia, eta erabakia bidegabea dela salatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu