Amnistiaren Aldeko Mugimenduan (AAM) aritzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak 21 laguni jarritako espetxe zigorra aztertu du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak -defentsak helegitea jarri baitzuen-, eta hemendik aste batzuetara emango du epaia. Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) eta Askatasuna "erakunde terroristak" direla ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak, eta gaur Arantza Zulueta defentsa abokatuak Gorenean esan du AAB eta Askatasuna ez direla "erakunde terroristak, bertako kideek ez dutelako indarkeriarik erabili. Propaganda lana egin izan dute eta, gehienez ere, AAB-eta legez kanpoko erakundetzat jo daitezke, inoiz ez terrorista". Hala, haren ustez, 21 lagunei jarritako zigorra "gehiegikeria" da.
Akusazioak, dena dela, berriz ere erakunde "terrorista" bezala jo ditu, eta Auzitegi Nazionalak emandako zigorrak defenditu ditu.
21 zigortu haietatik bederatzi lagun behin-behinean libre daude, eta horiek gaur adierazi dute garbi dutela espetxera bidaliko dituela Gorenak. "Espainiako Estatuaren inpunitatea eta errepresioa zilegi jotzeko, gu kartzelan behar gaituzte", esan du Aratz Estonbak, Donostian eman duten prentsaurrekoan. "Baina, aurpegia txikitu arren, aurpegia ematen segituko dugu", nabarmendu du Julen Larrinagak.
"Espainiaren errealitatea inposatu nahi dute Euskal Herrian, eta horretarako prest daude errealitate horri aurre egiten dion jendea kartzelaratzeko, bahitzeko edo desagerrarazteko", iritzi diote AAMko kideek.
Eskubide urraketa
Epaia baliogabetzeko asmoz, instrukzioan oinarrizko eskubideak urratu zirela azaldu du defentsak. Hala-nola, polizia operazioak egin zituzteneko miaketak "delitu zantzurik gabe" egin zirela salatu du, hori ezin dela egin gogora ekarrita. Kasu batzuetan atxilotuak ez zirela miaketetan egon ere azaldu du. Telefonozko entzuketa batzuk epaitegien baimenik gabe egin zituztela eta inputatuak ez ezik beste lagun batzuk ere grabatu zituztela ere argudiatu du defentsak epaimahaiaren aurrean. Epaiketan egin zuten bezala, instrukzioan parte hartutako poliziak ezin daitezkeela peritu izan alegatu dute, gainera.
Gorenaren epaiak defentsaren arrazoiei izkin egin eta Auzitegi Nazionalaren epaia berretsiko balu, espetxera joan beharko lukete orain behin-behinean libre dauden bederatzi lagunek.
politika
Defentsak dio AAMko kideak ez direla "terroristak, ez dutelako indarkeriarik erabili"
Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren kontrako epaia aztertu du gaur Espainiako Auzitegi Gorenak, eta aste batzuk barru emango du epaia. "Estatuaren inpunitatea eta errepresioa zilegi jotzeko, gu kartzelan behar gaituzte", esan dute zigortuek; "baina aurpegia ematen segituko dugu". Auzitegi Nazionalak 21 lagun zigortu zituen eta, Gorenak epaia berretsiko balu, espetxera joan beharko lukete behin-behinean libre dauden bederatzi lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu