10:25etan abiatu da '18/98 auziko' epaiketa, Madrilgo Casa de Campon Espainiako Auzitegi Nazionalarentzat prestatutako egoitzan. Ahozko epaiketa bera hasi baino lehen aurretiazko arazoak argitzeko eskatu dute defentsako abokatuek, hau da, saioarekin aurrera jarraitzeko eurek ikusten dituzten lege trabak aztertzeko. Epaiketa hasi aurretik frogak behintzat auzitegiaren egoitzara eraman zitzatela eskatu dute. Epaimahaiak, ordea, ez die jaramonik egin, eta auzipetuei epaituko diren gaien eta akusazioen berri emanez hasi da epaiketa. Epaiketa hasi denean, ordea, nabarmena izan da epaiketa ezin egina.
Bixente Askasibar izan da auzipetuen artean deklaratzen lehena. Askasibarrek uko egin dio fiskalaren zein herri akusazioaren galderei erantzuteari, "epaiketa politiko bat" dela argudiatuta. Arratsaldean, defentsaren galderak erantzuten hasi denean, ordea, garbi geratu da frogak ez daudela eskura. Aurrena Askasibar Kuban ez zela izan frogatzen zuen Espainiako Ministerioaren agiri bat eskatu du defentsak, baina ezin izan dute aurkitu. Defentsak epaiketa gelditzeko eskatu du, baina epaimahaiak aurrera jarraitzeko eta froga aurkitzen dutenean erakutsiko dutela erantzun du. Bigarren aldiz gauza bera gertatu da, ordea, eta eskatutako froga bat bilatzeko gai izan ez direnean, epaiketa bihar arte bertan behera uztea erabaki dute. Gainera, eskatuko dituen agirien zerrenda egiteko eskatu dio epaimahaiak defentsari.
Berriz ere EHNArekin
Saioaren hasiera zertxobait atzeratu da —hamarretan hasi behar zuen— auzipetuak beren burua EHNAren bidez identifikatzen saiatu direlako, eta onartu ez dietenez, polizia fitxaren bidez egiaztatu dutelako banaka bakoitza nor den. 59 auzipetuetatik 56 daude epaiketan; Frantzian preso dagoen Peio Sanchez,eta Pako Aranburu eta Unai Hernandez falta dira. Arantxa Zuluetak agertu du haien kontrako epaiketa ezin dela hasi behar bezalako jakinarazpenik ez zaielako egin,eta azken bien kasuan ez dituztelako errebeldian aldarrikatu.
Epai mahaiak dfentsaren eskaria baztertu, eta epaiketarekin jarraitzeko agin du. Defentsako abokatuek hartu dute hitza, berriz, eta "legezko defentsa eragingarria" trabatzen zuten prozedura akatsen berri emateari ekin diote. Besteak beste, oroitarazi dute akusazioaren perituak —Espainiako Poliziako 18 kide eta 11 guardia zibil— errekusatzeko eskera egin zutela, instrukzioan aritu zirenez auzian parte direlakoan. Errekusazio horri buruzko behin betiko ebazpenik ez dagoela nabarmendu dute.
Hori entzunda, Enrique Molina fiskalak zein herri akusazioko abokatuek epaimahaiari adierazi diote saioarekin aurrera jarraitu aurretik arazo hori argitu behar zela. Horretarako, ordu erdiko etena egin du epaimahaiak, eta ahozko epaiketarekin aurrera jarraitzea deliberatu du defentsaren eskaera aintzat hartu gabe.
Ordubiak aldera amaitu da goizeko saioa. Bazkaltzeko atsedena egin ondoren, 17:00ak aldean hasi da berriz ere saioa, eta 18:30ak aldean amaitu. Bihar jarraituko dute.
Elkartasuna Euskal Herritik
Auzipetuez eta abokatuez gain, euskal gizartearen ordezkaritza zabala joan da Madrilera elkartasuna adieraztera. Izan ere, egunotan sektore ugarik adierazi dute epaiketa hau Aznarren Gobernu eskuindarraren garaiko bultzada politikoak eragin duela.
Besteak beste, Madrilen dira Joseba Permach Batasuneko mahaikidea, Alberto Unamunzaga EAko Harreman Instituzionaletarako arduraduna, Xabier Sarasua Aralarreko buruzagitzakoa, Joxe Iriarte Bikila Zutik-ekoa, Maixux Rekalde Elkarri-ko kidea, Eustakio Uranga ELAkoa, Txutxi Ariznabarreta LABekoa, Josu Egireun ESK-koa, Maite Aristegi EHNEkoa,Josu Juaristi Gara -ko zuzendaria eta Mertxe Aizpurua zuzendari ohia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Oreka TX taldeko kideak. Madril bertatik ere iritsi zaie babesa, besteak beste, Jaime Pastor UNEDeko Zientzia Politikoetako irakaslearena eta Ramon Fernandez Duran Ecologistas en Acción taldeko ordezkariarena.
Guztira 991 urteko espetxe zigor eskaera egin du Fiskaltzak 59 auzipetuentzat; eskaerarik txikiena 10 urtekoa da; handiena, berriz, 51 urtekoa. Bost atal ditu sumarioak: enpresen kontrakoa, Orain Egin egunkariaren argitaldiaren aurkakoa, eta Xaki, Ekin, Joxemi Zumalabe erakundeen kontrakoak.
Baltasar Garzon epaileak bultzatuta abiatu zen 18/98 auzia, ezker abertzalearen ideiekin bat egiten duten jende eta elkarteen sare zabala ETA dela abiapuntu hartuta.
Aldeek eskatu dituzten lekuko, agiri eta peritu zerrenda luzea aintzat hartuta, epaiketak luze joko duela pentsatzen da.
'18/98 auziaren' epaiketa
Defentsak eskatutako idatzizko froga batzuk bilatu ezinda gaurko saioa eten du epaimahaiak
Prozesuan izan diren lege akatsak kontuan hartuta ezin dutela legezko defentsa eragingarria egin argudiatuta, '18/98 auziko' epaiketa eteteko eskatu dute defentsako abokatuek epaiketa hasi aurretik. Besteak beste, frogak ez zeudela han argudiatu dute, eta gutxienez hori konpontzeko eskatu. Epaimahaiak, ordea, atzera bota du eskaera, eta aurrera jarraitzea erabaki du. Enpresen atalean auzipetutako Bixente Askasibar izan da deklaratzen lehena. AVTren eta fiskalaren galderei ez die erantzun. Defentsaren galderak erantzuten hasi denean, ordea, ezin izan dute epaiketarekin jarraitu, defentsak eskatu dituen idatzitako froga batzuk ez dituztelako aurkitu. Epaiketa bihar arte bertan behera uztea erabaki du epaimahaiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu