Legebiltzarkideen aurkako auzia

Defentsaren helegitea atzera bota eta auziarekin aurrera segitzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak

SA Sozialista Abertzaleak taldea desegiteari uko egin ziotela-eta Eusko Legebiltzarreko zenbait kideren aurka irekitako auziarekin aurrera segitzea erabaki du EAEko Auzitegi Nagusiak; hartara, atzera bota du legebiltzarkide horien defentsak aurkeztutako helegitea. Juan Mari Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentea, Gorka Knörr eta Kontxi Bilbao mahaikideak zein Joseba Egibar, Rafa Larreina eta Antton Morcillo Bozeramaileen Batzordeko kideak daude auzipetuta.

2004ko uztailaren 30a
16:01
Entzun
Atutxa (EAJ), Knörr (EA) eta Bilbaoren (EB-IU) defentsek zein Antton Morcillorenak (SA) aurkeztu zuten helegitea, eta auzia artxibatzeko eskatu zuten. Hilaren 27an aztertu zuen EAEko Auzitegi Nagusiko Zibileko eta Penaleko Salak helegite hori, eta bista hartan, legebiltzarkideen defentsek SA ez desegiteko erabakia legezkoa dela argudiatu zuten. Aitzitik, Fiskaltzak eta Manol Limpias elkarte eskuindarrak gidatzen duen akusazio partikularrak auziarekin aurrera segitzeko eskatu zuten.

Azkenean, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren eskaerekin egin du bat EAEko Auzitegi Nagusiko Zibileko eta Penaleko Salak, eta auziarekin aurrera segitzea erabaki du.

Nolanahi ere, orain Nekane Bolado epailearen esku geratzen da auzia, bai Atutxa, Knörr eta Bilbao Legebiltzarreko Mahaiko kideen kontrakoa, bai Egibar, Larreina eta Morcillo Bozeramaileen Batzordeko kideen aurkakoa. Boladok erabaki beharko du froga berriak bilduko dituenetz, edo, aitzitik, sumarioa amaitutzat ematen duen. Sumarioa bukatutzat ematen duenean bi aukera izango ditu: edo artxibatu edo ahozko epaiketa hasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.