Udalbiltza auzia

Defentsaren lekukoek garbi utzi dute Udalbiltzak diru kontuetan irregulartasunik ez zuela eta legezko jarduera zeukala

Defentsaren 11 lekukoek deklaratu dute gaurko saioan. Atzo berrekin zioten epaiketari, 2003ko operazioan parte hartu zuten hamazazpi poliziaren deklarazioekin; akusazioak atzo ere ez zuen frogarik aurkeztu. Hilaren 29an segituko du epaiketak, froga perizialekin.

2010eko irailaren 14a
19:45
Entzun
Udalbiltza erakunde autonomoa zela, bere kabuz hartzen zituela erabakiak eta ez ETAk aginduta, udal erakundeko kide hautetsiak zirela eta euren borondatez zeudela, Udalbiltzak diru kontuetan ez zeukala irregulartasunik, berak sortu zituela bere elkarteak eta legezko jarduera zeukala. Horixe esan diote gaur defentsako 11 lekukoek Udalbiltzaren aurkako epaiketako saioan Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari. Arratsaldeko lau eta erdiak aldera hasi da saioa, eta zazpiak baino lehenxeago amaitu da.

Jose Mari Gorordo Bilboko alkate ohi eta Udalbiltzaren garaiko plataforma bateko Bilboko hautetsiak adierazi du udal erakundeak diru kontuak legez egiten zituela, haren jardueran ez zegoela irregulartasunik eta hori egiaztatu zutela EAEko eta Espainiako Diru Kontu Publikoen auzitegiek. Gorordo bera EAEko auzitegi horretako kidea zen orduan.

Garaiko hiru udal idazkarik ere jarduera ekonomikoa legezkoa izan zela ziurtatu dute. Hain zuzen, Maribi Juaristi Oiartzungo, Joseba Belaustegi Pasaiako eta Begoña Garmendia Usurbilgo orduko udal idazkariek Auzitegi Nazionaleko epaimahaiari adierazi diote Udalbiltza Partzuergoak ez duela ETArekin zerikusirik, eurek egin zutela Partzuergoa sortzeko proposamena, udal erakundearen diru mugimendua ahalbidetzeko. Eta guztia -Partzuergoaren sorrera eta honen jarduera-, legez egin zutela. Ondorioz, ez dagoela deliturik.

Udalbiltzako hiru langile ohik ere deklaratu dute lekuko bezala: Nagore Irastortza prentsa arduradunak, Bea Martxueta bulegariak eta Doltza Villagrasa Euskal Garapen eta Kohesio Funtseko kudeatzaileak. Lehen biek jakinarazi dute curriculuma bidali ondoren hasi zirela udal erakundean lanean eta legez kontratatu zituztela. Villagrasa, berriz, LKS kontsulta enpresaren bidez hartu zuten. Irastortzak azaldu du bileretan hartzen zirela erabakiak, han ez zela ETAren agindurik. LKSko lege ordezkaria ere izan da auzitegian, eta honek esan du kontratu oro-eta legearen barruan egiten zituela Udalbiltzak.

Alkate eta bi zinegotzi ohi ere izan dira deklaratzen: Rosa Mari Ostogain Berrizko alkate izandakoa (EAJ), Guruzne Osa Ondarroako EAko hautetsi izandakoa eta Cesareo Alba Cortesko hautetsi independentea. Hirurek garbi utzi dute udaletxera gonbitea iritsi ondoren sartu zirela Udalbiltzan 1999an, eta hemengo batzordeetan hartzen zituztela erabakiak, kanpoko esku-hartzerik barik.

Uztailean hasi zen epaiketa

Abuztuko etenaldiaren ostean, atzo ekin zioten epaiketari. 2003ko operazioan parte hartu zuten 17 poliziak deklaratu zuten akusazioaren lekuko gisa, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren eta Dignidad y Justiciaren eskariz. Polizia txostenak berretsi bertzerik ez zuten egin.

Uztailaren 15ean hasi zen epaiketa eta Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik aurkeztu gabe segitzen du akusazioak. Auzipetuek uztailean euren deklarazioetan zioten Udalbiltza ez dagoela ETAren menpe eta Euskal Herriaren aldeko proiektua dela.

Fiskaltza eta Dignidad y Justicia akusazioek 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatzen dituzte 21 auzipetuentzat, ETArekin lotura dutelakoan. Udalbiltza, Partzuergoa eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsa legez kanpo uzteko eskatzen dute, halaber.

Gaurko saioa amaituta, hilaren 29ra arte auzipetuek ez dute berriro Madrilera joan beharrik izango. Froga perizialen txanda izango da. Egun horretarako CCOO eta UGT sindikatuek greba deialdia egin duten arren, auzitegian agertu beharko dute auzipetuek -epaitegiko langileek greba egitea erabakitzen badute zaila izango da auzi saioa egitea-.

Epaimahaiak hilaren 30erako eta urriaren 1erako ere jarri ditu saioak. Parteek ondorioak urriaren erdialdera irakurriko lituzkete. Gero, epaiaren zain geratuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.