"Ausardia eta kemena" eskatu diete hautetsiei Baionan bildutako milaka lagunek. Euskarak lege aitortza behar duela aldarrikatu dute. "Hizkuntza politika egokia izatea hil ala biziko kontua da euskararentzat". Era berean, euskarak aurrera egiteko Ipar Euskal Herriak berezko egitura beharrezkoa duela nabarmendu dute.
Udaberrian bozkatuko dute hautetsiek hiri elkargoa nahi duten edo ez. Hala ere, badira dagoeneko baiezkoa eman duten herriko etxeak, eta horiei eskerrak eman diete konfederazioko kideek. Batera plataformak jakinarazi du gaur hasi eta udaberrira bitartean karabana batek Ipar Euskal Herriko herri guztiak zeharkatuko dituela herri elkargoaren proiektua azalduz. "Nahiz eta hautetsiek duten azken hitza herritarrei dagokie horiek konbentzitzea". Atzo bertan alderdi sozialistak hirigune elkargoaren alde bozkatzera deituko zituen bere hautetsiak.
Kolore ugariko hautetsiak elkartu dira mobilizazioan, baita ikastolak eta zenbait gizarte eragile ere. Manifestazioa giro alaian egin dute, "bai, bai, bai, elkargoari bai" eta "lege babesa euskararentzat" leloak nabarmen entzun dira. Bretainian 5.000 lagun, Okzitanian 15.000 batu dira lurralde ezagupenaren alde. berezko hizkuntzen aldeko manifestazioak ere egin dituzte Alsazian eta Korsikan.
Manifestazioaren ondotik, kontzertua eskainiko dute Emon eta Trikizio taldeek Xaho Pelletier kaian bertan, eta bertaratzeko gomita egin diete antolatzaileek herritarrei.
Maddi Ane Txoperena BERRIAko kazetariak eta Ipar Euskal Herriko Hitzak mobilizazioaren zuzeneko jarraipena egin dute twitter bidez.