Deiadarrari sostengua adierazi dio Labazeek

Manifestaziorako deia berretsi dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak; han izanen da Frantxua Maitia ere

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Georges Labazee Pirinio Atlantikoetako presidenteak sostengua eman die martxoaren 31n hizkuntza gutxituen ofizialtasuna eta lege bermea eskatuko duten manifestazioei. Labazeek Kontseilu Nagusiak euskara eta okzitaniera garatzeko egindako lana azpimarratu du. Azaldu du antolatzaileek ofizialtasuna eta lege bermea eskatzen dutela, ekinbide horri sostengua adierazi nahi izan dio. «Plazer handiz erraten dizuet Tolosako [Okzitania] eta Baionako manifestazioak sostengatzen ditudala», erran du Kontseilu Nagusiaren osoko biltzarrean.

Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak ere jakinarazi du martxoaren 31n Deiadarrean izanen dela. «Erakunde publiko bateko funtziotik ezin dut horrelako deirik egin, baina, militante moduan, Baionan izanen naiz, euskarak lege geriza behar duelako». Gogorarazi du manifestazio horren eskutik eztabaida zabalagoa dela pausatzen gizartean, alegia, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna berrestea, lege proposamen egokia prestatzea eta bozkatzea parlamentuan.

Bilbon ere, deia

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak Deiadarrera joateko eskatu dute, Bilbon egindako agerraldian. Gure hizkuntzak, eskubide bat, lege bat izango da manifestazioaren leloa. Frantziako Estatuan onarpenik ez duten beste hizkuntzen aldeko mobilizazioak ere izanen dira Kemperen, Perpinyanen, Aiacciun, Tolosan eta Estrasburgon.

«Frantziako Estatuak, mendeetan, eremu urriko hizkuntzen kontrako politika aplikatu izan du, eta egun ere halaxe egiten du, nahiz eta hizkuntza horien hiztun komunitateen mobilizazioen bitartez tokian tokiko aldeko neurri edo politika batzuk abian jarri diren», adierazi du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak. Bilbaoren ustez, euskararen estatusa bermatua egon beharko luke. «Berezko hizkuntzak bere herrian behar duena eta inguruko hizkuntza egonkortuek duten berbera». Azpimarratu du euskara berezkoa dela bere lurraldean; beraz, ofiziala izan behar duela,lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa.

Ipar Euskal Herrian euskara hizkuntza ofiziala izan dadin aldarrikatu dute Kontseiluak eta Euskal Konfederazioak, alegia,balio juridikoa izatea eta arlo guzietan erabilia eta garatua izatea. Frantziak eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzen Europako Gutuna berrets dezala eskatzen dute, euskara eta eremu urriko hizkuntzak eremu publikoan ofizialki aitortuak izan daitezen.

Azkenik, hizkuntzen lege egoki bat bozkatua eta aplikatua izatea galdegin dute: alde batetik, lurralde hizkuntzetako hiztunen hizkuntz eskubideak onartzeko eta bakoitzaren betebeharrak finkatzeko; eta, bestetik, martxan jarriak diren hizkuntza politika publikoak eragingarriak izateko.

Bilduk bere egin du Deiadarrerako gomita, eta Baionara joateko deia egin die euskal herritarrei. «Euskaldunon hizkuntz eskubideak onartzeko eta bermatzeko ordua da; baina ez bakarrik hori, hizkuntza politika publikoak aldatu behar dira eraginkorrak izan daitezen, hizkuntzen etorkizuna berma dezaten», adierazi du Bilduk, euskararen ofizialtasuna aldarrikatuz. Gaineratu du Frantziako Estatuan hizkuntz eskubideei bultzada nabarmena emateko parada direla martxoaren 31ko manifestazioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.