Kalera Kalera-ren aurkako operazioa

Deklaratzeko zitazioak jaso dituzte beste hiru lagunek

Elena Belokik, Mertxe Galdosek eta Urtzi Iruinek uko egin diote Intxaurrondoko polizia etxera joateari. Haiei ere Guardia Zibilak leporatzen die Belen Gonzalez gogoratzeko ekitaldian parte hartzea.

Atxiloketak salatzeko Bilbon eginiko elkarretaratzea. MARISOL RAMIREZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2018ko martxoaren 21a
19:09
Entzun

Guardia Zibilak ez du itxi atzo abiatu zuen operazioa. Beste hiru pertsonek jaso dituzte Intxaurrondoko polizia etxean (Donostia) deklaratzeko zitazioak: Elena Beloki eta Mertxe Galdos preso ohiak eta Urtzi Iruin Lazkaoko zinegotziak (EH Bildu). Fax bidez erantzun dute legez ez dutela komisaria batean deklaratu behar. Eta epaitegi batean egingo dutela, auzitegi baten agindua jasoz gero.

Atzo atxilotu zituztenei bezala, haiei ere Guardia Zibilak leporatzen die Belen Gonzalez gogoratzeko Lazkaoko frontoian (Gipuzkoa) azaroaren 26an eginiko ekitaldian parte hartzea. Gonzalez hamar egun lehenago hil zen. ETAko zuzendaritzako kide izategatik zigortu zuten; bere osasun egoeragatik baldintzapean aske zegoen.

Ekitaldi horretan parte hartu zutela argudiatuta, atxilotu zituzten Antton Lopez, Oihana Garmendia, Olatz Dañobeitia eta Miren Zabaleta. Preso eta iheslari ohien Kalera Kalera dinamikako kide dira, eta Sortukoak. Intxaurrondon izan zituzten arratsaldera arte.

Auzitegi Nazionalaren isiltasuna

Abokatuek azaldu dutenez, zitazioen oinarrian ez dago, gaur arte behintzat, ikerketa bat zabalik Espainiako Auzitegi Nazionalean. Are, ekitaldia debekatzeko, lehenik, eta ikertzeko, gero, biktimen bi elkarteren eskaerak atzera bota zituen auzitegiak.

Antton Ruizek Info 7 irratian adierazi du haiek ez daudela inputatuta, baina atxiloaldian guardia zibilekin izandako elkarrizketatik ondorioztatu duela zitazio gehiago egon daitezkeela. Uste du polizien asmoa dela deklarazioak auzitegira bidaltzea, prozedura judizial bat irekitzeko. “Esan zidaten guk dinamika honekin jarraitzen badugu, haiek ere jarraituko dutela beren kabuz, eta gero esango duela epaileak zer egin”.

Asteotan, polemika eragin dute preso ohiei egindako harrerak. Biktimen zenbait elkartek salatu dituzte horietan “terrorismoa goresten” eta “biktimak umiliatzen” direla, eta PPko kide batzuk agertu dira hara, komunikabideak deituta eta protesta modura.

Sorturi eskatu diote ekitaldi horietatik “urruntzeko edo leku publikoetan egiteari uzteko. Hala galdegin zion Eusko Legebiltzarrak otsailaren 22an. UPNk, Espainiako Kongresuan, “irmoago” jokatzeko eskatu dio Rajoyren gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.