Joan den apirilaren 13ko independentziari buruzko galdeketa bultzatu zuen A13 plataformako kideek jakinarazi dute deklaratzera deitu dituela Guardia Zibilak. Plataformako kide Manu Gomez eta Mikel Mundiñanok, eta galdeketa egin zuten lokalaren jabe Jose Luis Erdoziak joan beharko dute. "Badirudi herri galdeketa Etxarri Aranazko Udalarekin lotzea dela ikerketaren helburua", adierazi dute ohar bidez. "Etxarriarrak izan ziren herri galdeketa aurrera eramatea erabaki zutenak, eta iritzi guztiak errespetatu zituen ariketa demokratikoa izan zen".
Herritarrek beharrezko sinadurak bildu ondoren, udalbatzak onartu zuen galdeketa egiteko eskaera, baina Nafarroako Gobernuak Administrazioarekiko Auzitegiaren eskuetan utzi zuen auzia. Horren ondoren, udalak uko egin zion auzi judizialari, Gobernuaren "sarean erortzeko" asmorik ez zuela argituta.
Azkenean, A13 herri ekinbideak atera zuen aurrera galdeketa, ile apaindegi bat izandako lokalean jarritako bi mahairekin. Tokia alokatu egin zuten antolatzaileek, eta normaltasun osoz egin zuten galdeketa. %42ko parte hartzea izan zen, eta horietatik %94 agertu zen independentziaren alde.
Nafarroako Foru Legeak dio udalak herri kontsultetara deitzeko aukera duela udalaren beraren eskumenekoak diren eta herritarrentzako «garrantzi handia» duten «gai lokaletan». Udalak formalki babestutako galdeketan Espaniako Estatuko ordenamendu juridikoa jokoan dagoenean, Nafarroako Gobernuak baliogabetzeko eska diezaioke tokiko erakundeari, edota administrazio gaietarako jurisdikzioan inpugna dezake.