Politika

Deklarazio hartzeak amaituta auzi saioa egiten ari dira denak batera

Atzo bezala, arratsaldeko lauretan iritsi dira Batasuneko mahaikideak Espainiako Auzitegi Nazionalera. Juan Kruz Aldasorok, Pernando Barrenarenak, Joseba Permachek eta Joseba Alvarezek epailearen aurrean agertu dira, hurrenez hurren. Guztiek uko egin diote deklaratzeari. Atzo deklaratu zuten lau mahaikideek lagunduta ailegatu dira Madrilera. Deklarazio hartzeak amaitu dira eta Fernando Grande Marlaska auzi saioa egiten ari da guztiekin. Aldeek beren eskariak egin ostean, hartu beharko du erabakia Grande Marlaskak.

2006ko ekainaren 1a
19:44
Entzun
Arnaldo Otegi, Karmelo Landa, Rufi Etxeberria eta Jon Gorrotxategi Batasuneko mahaikideek agertu behar izan zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalean, Fernando Grande Marlaskaren epailearen aurrean. Lauek uko egin zioten epailearen zein akusazioko abokatuen galderei erantzuteari. Juan Kruz Aldasoro, Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Pernando Barrenaren txanda izan da gaur. Haiei deklarazioa hartu ostean erabakiko du Grande Marlaskak mahaikideak espetxeratu edo ez.

Inputatu gisa deitu zituen deklaratzera Batasuneko zortzi mahaikide horiek, martxoaren 24n Iruñean prentsaurrekoa eman zutelako. Batasunaren aurkako auzian zortzi horiek auzipetuta daudela iritzita, delitua errepikatzea egozten die. Horrez gain, joan den astean areagotu egin zituen Grande Marlaskak zortzi lagun horien aurkako inputazioak: Batasunak mintzaide taldea aurkeztu duela-eta, eta Permachek egindako adierazpen batzuen harira, "mehatxu terrorista" ere egotzi die.

Gaurko lauek 17:00etan hasi behar dute deklaratzen. Ondoren, inputatu guztiak bilduko ditu Grande Marlaskak, defentsako abokatu, fiskal, zein akusazio partikularretako abokatuekin batera. Auzi saioa egingo du guztiekin, eta orduan erabakiko du inputatuen aurkako neurririk hartu edo ez. Fiskaltzak dagoeneko jakinarazi du ez dela espetxeratzerik eskatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.