Donostiako 18 gazteren aurkako epaiketa hasi da gaur goizean Espainiako Auzitegi Nazionalean. 2007ko urriaren 30ean hasi eta abenduaren 4a bitartean atxilotu zituzten, Segiko kideak izatea, eta zenbaiten kasuan, kale erasoekin lotura izatea leporatuta. Guztira 26 gazte atxilotu zituzten epe horretan, eta horietatik 18 dira epaiketara eraman dituztenak, 13 behin-behinean espetxean eduki dituzte eta 11k tratu txarrak salatu zituzten.
Hain zuzen ere, atxilotu zituzten bitartean torturak eta tratu txar psikologikoak jasan zituztela argudiatuta, akusazio guztiak banan bana ukatu dituzte gazteek ahozko epaiketako lehen saioan. Atxilotuta zeudenean egindako deklarazioak dira haien kontrako froga nagusiak, eta torturen eta mehatxu psikologikoen mende zirela egin zituztela salatu dute.
Ekaitz de Ibero, Pello Lamarka, Mikel Arretxe, Unai Perez, Egoi Alberdi, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Ion Imanol Igal, Asier Mariezkurrena, Imanol Ander Vicente, Nahikari Otaegi, Urko Pikaza, Breogan Fernandez, Beñat Apalategi, Igor Alvarez, Ekaitz Ezkerra eta Urko Labaka dira 18 horiek. Labaka ez da azaldu auzitegira, eta epaileak hura bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du.
Auzipetuek eta haien inguruan eratu den sare zabalak epaiketa politikoa dela salatu dute, beren ideiengatik eta jarduera politikoagatik epaituko dituztela. Eragile ugarik egin dute bat gazte horiekin, hala nola, ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, Alternatibak, ELAk, LABek, ESK-k, Hiruk, CNTk, Lokarrik, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Askapenak, Komite Internazionalistek, Bilgune Feministak, Eguzkik eta Donostiako hainbat auzotako taldeek, jai batzordeek eta bestelakoek. Hain zuzen ere, hilaren 19an manifestazioa jendetsua egin zen Donostian eragile horiek guztiek antolatuta.
18 gazteren aurkako epaiketa
Deklarazioak tortura edo mehatxupean egin zituztela salatu dute gazteek epaiketan
Gaur hasi da Espainiako Auzitegi Nazionalean Donostiako 18 gazteren aurkako auzia. Segiko kide izatea egotzita, 8 urteko espetxe zigorra eskatzen du haietako bakoitzaren kontra fiskalak. Epaiketa politikoa dela salatu dute auzipetutako gazteek eta haien inguruan eratu den babes sare zabalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu