Jaime Ignacio del Burgo PPko diputatu ohiak epailearen aurrean bideo konferentziaz deklaratu zuen atzo. Esan zuen Jose Maria Aznar PPko presidenteak berak baimendu zituela Calixto Aiesa Nafarroako Osasun kontseilari ohiak 1992. eta 1995. urteen artean jaso zituen 3.600 euroren hainbat ordainketa. Barcenas PPko diruzain ohiaren paperetan agertzen dira ordainketa horiek, eta epailea diru hori nondik atera zen eta PP legez kanpo finantzatzeko erabili ote zen ikertzen ari da Barcenas auzian.
Aznar PPko buru zen Del Burgok aipatu zituen urte horietan, eta oposizioko buru Espainiako Kongresuan; 1996an Espainiako presidente kargua hartu zuen. Aznarrek, berriz, atzo gauean bertan Espainiako Antena3 telebista katean egin zioten elkarrizketan esan zuen berak dakiela PPn ez dela gainsoldatarik izan. Del Burgoren deklarazioaz galdetuta, ordea, esan zuen Aznarrek ez duela hitz egiten epaitegietan dauden auziez.
Bankurik ez zuten erabiltzen
Antoni Romeral ustelkeriaren aurkako fiskalaren galderei erantzun zien Del Burgok atzo. Barcenasen paperen arabera, Del Burgok 23.439 euro jaso zituen. Del Burgok esan du Aiesarentzat zela diru hori, 3.000 euro izan ezik; horiek ETAren atentatu bat jasan zuen Atarrabiako zinegotzi Elena Murillorentzat hartu zituela deklaratu zuen Del Burgok. Horrek esandakoa berretsi zuen Aiesak berak atzo bere deklarazioan.
Lehenago aitortu zuen moduan, atzo ere esan zuen diputatu ohiak Aiesari diru hori eman ziotela Osasun kontseilari kargua onartzeagatik bere dermatologia kontsulta itxi behar zuelako eta UCD bere aurreko alderdiarekin zuen zorra kitatzeko. Dirua Barcenasen bulegoan jasotzen zuela esan zuen Del Burgok, eta ez zuela sekula agiririk sinatu. Gero dirua taberna batean uzten zuen, eta Aiesak eta haren emazteak, horiek bai, ordain agiria sinatzen zuten; Del Burgok hori Madrilera bidaltzen zuen.
Murillori emandako dirua Alvaro Lapuerta PPko diruzain ohiak eman ziola esan zuen Del Burgok, gutunazal marroi batean. Dirua banku baten bitartez zergatik ez zuten ordaindu galdetuta, PPkoak esan zuen etxe barruko kontua zela eta Nafarroan jende guztia ezagutzen dela.
Abascal ez da gogoratzen
Del Burgo eta Aiesaz gain, Santiago Abascal PPko Amurrioko zinegotziak ere deklaratu zuen atzo. Horrek ere aitortu du jaso zituela Barcenasen paperetan agertzen diren 12.000 euro, eta gaineratu zuen 1999an bere negozioan kale borroka ekintza bat jasan ondoren eman ziotela. Ez omen du gogoratzen, ordea, nork eman zion dirua, "hamalau urte pasa direlako".