Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ahozko epaiketa zabaltzea erabaki du Egunkaria-ko auzi ekonomikoan inputatuta dituzten zortzi lagunentzat, Ogasun Publikoari 1998 eta 2001. urteen artean "iruzur" egin zioten "zantzuak" ikusten dituelako, eta epaiketaren data jartzeko eskatu du.
Madrilen egingo litzateke epaiketa. Auziak "terrorismoarekin" loturarik ez duela eta ustezko delitu ekonomiko arruntak besterik ez daudela argudiatuta, Euskal Herriko auzitegi arruntetara pasatzeko eskatu zuten defentsak eta Espainiako Fiskaltzak, baina epaileak ez zuen onartu. Erabaki horren kontra dei helegitea jarri zuen defentsak.
Hain zuzen, 184 urteko espetxe zigorra eta 234.530.008 euroko isuna eskatu du Dignidad y Justicia herri akusazioak Egunkaria-ko auzi ekonomikoan inputatutako zortzi lagunentzat: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Jose Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarenarentzat. Horretaz gain, 5.481.835 euroko zorraren arduradun zibil egiten ditu, eta kopuru hori ordainarazteko eskatu.
Fiskalak ere zigorrak eskatuko ditu, Euskadi Irratiak gaur jakinarazi duenez, delitu ekonomikoak egon daitezkeela uste duelako.
Hainbat urtetan zerga erregistroko kontabilitatea faltsutzea, diru laguntza publikoak jasotzeko bete beharreko baldintzak faltsutzea eta balio erantsiaren gaineko zerga iruzurra egitea leporatzen die Dignidad y Justiciak. Aintzat hartu du hori guztia Del Olmo epaileak ahozko epaiketari bide emateko.
Zerga erregistroko kontabilitatea faltsutzea leporatzen dieten bakoitzeko zazpi hilabeteko zigorra eskatzen dute. Diru laguntza publikoak lortzeko baldintzak faltsutzea egozten dien bakoitzeko lau urtekoa, eta beste lau urtekoa zerga erregistroko kontabilitatea faltsutzea leporatzen dien bakoitzeko.
Egunkaria-rekin lotuta bi sumario daude Espainiako Auzitegi Nazionalean. Ixteari buruzkoa da bat (2003ko otsailean izan zen operazioa), eta han Martxelo Otamendi, Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Pello Zubiria eta Xabier Oleaga daude auzipetuta. Bestea irregulartasun ekonomikoei buruzkoa da (2003ko urrian izan zen operazioa).
ETAko kide izatea leporatzen diete sumario nagusikoei, eta haientzat baino espetxe zigor handiagoak eskatu dituzte delitu ekonomikoak egozten dizkietenentzat: 12 eta 14 urteko zigorrak aurrenekoentzat, eta 13tik 26ra bitartekoak besteentzat.
Auzi ekonomikoko zigor eskaerak
Egunkaria-ko auzi ekonomikoan inputatutako zortzi lagunen kontra Dignidad y Justicia elkarteak egindako zigor eskaerak.
Joan Mari Torrealdai. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.200,3 euroko isuna.
Iñaki Uria. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.
Txema Auzmendi. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.
Jose Mari Sors. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.
Ainhoa Albisu. 26 urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra, eta 32.891.150,3 euroko isuna.
Mikel Sorozabal. 21 urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra, eta 27.265.727,02 euroko isuna.
Begoña Zubelzu. 17 urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra, eta 21.640.933,74 euroko isuna.
Fernando Furundarena. 13 urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra, eta 21.167.546,24 euroko isuna.
Egunkaria auzia
Del Olmo epaileak 'Egunkaria'-ko auzi ekonomikoaren ahozko epaiketa irekitzea erabaki du
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Jose Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena inputatuta daude, Ogasun Publikoari "iruzur" egin ziotelakoan. Auziak "terrorismoarekin" loturarik ez duela eta ustezko delitu ekonomiko arruntak daudela argudiatuta, Euskal Herriko auzitegi arruntetara pasatzeko eskatua dute defentsak eta Fiskaltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu