Atera eta berehala Del Rio eta bere gertukoak autoetan sartu dira, Euskal Herrira itzultzeko. Une gogorra izan da berarentzat eta gertukoentzat. Del Rio 1987. urtean espetxeratu zuten, eta 2008ko uztailaren 2an aske utzi behar bazuten ere, Parot doktrina ezarrita luzatu diote espetxealdia bost urtez. Estrasburgok atzo arrazoia eman zion eta 197/2006 doktrina hori eraitsi zuen. Ondorioz gaur goizean Auzitegi Nazionalak aske uzteko agindua eman du, Fiskaltzak berak beste aukerarik ez dagoela esan ondoren.
Kazetari andana bildu da goizean goizetik espetxe atarian, batik bat telebista kamera asko. Inguruetan polizia ugari ere izan da. Del Rio eta hurkoak autoetan sartu ondoren, hedabideen aurretik pasa dira inolako arazorik gabe. Berehala Guardia Zibila eskolta lanetan hasi da. Autoetako batetik, ordea, presoa eta bere gertukoak daramatzaten autoak aurreratu dituztenean, argazkiak atera dizkiete han zeudenei.