EUSKARA

Demoei elkartasuna adierazi diete hainbat erakundek

63 lagun epaituko dituzte bihar Baionan trenbidean egin protestagatik

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Batasuna, Gazte Abertzaleak eta Euskal Herrian Euskarazek euren elkartasuna adierazi diete bihar Baionan epaituko dituzten 63 demoei. 63 lagun horiek SNCF tren konpainiaren aurkako ekintza bat egin zuten iazko azaroaren 8an: Lapurdiko geltokietan elebitasuna eskatzeko, trenbidean paratu eta mus partidak antolatu zituzten. Bertan demo-ez gain, Desobedientzilariak, Desobedienteak eta Gazte Abertzaleak taldeko kideek hartu zuten parte.

Hain zuzen, Gazte Abertzaleen esanetan «euskal herritarron eskubideak bermatzen ez dituzten jarrera horien aurrean, erantzun bera emateko beharra ikusita» eraman zuten ekintza hau aurrera, eta epaituei elkartasuna adierazteko deialdia egin dute bihar 14:00etan Baionako epaitegiaren aurrean.Batasunari, bere aldetik, «deitoragarri» zaio, eta «herritarren hizkuntz eskubideen errespetuaren eskakizunari muzin egin eta errepresioaren bidea hautatzea» leporatzen dio tren konpainiari. Hori baino areago SNCF eta gobernu frantsesak «euskararen heriotza programatua bultzatzen» dutela salatu dute. Batasunak ere deialdia luzatu du bihar Baionako epaitegi aurrean azaltzeko.Euskal Herrian Euskarazek ere euskaltzaleak bertan parte hartzera deitu ditu, eta ekimen horretan administrazioak izan duen jokabidea salatu nahi izan du: «Estatu frantsesak ez du inolako asmorik azaltzen tren konpainiaren inguruan zabaldu den afera konpontzeko. Aitzitik, gero eta gehiago okertzen ari da, izan ere, gero eta jende gehiago atxilotzen duelako ekimen aldarrikatzaile bat egiten den bakoitzean». Horretaz gain, bakoitza bere hizkuntzan bizitzeko hautua egiteagatik zigortua izatea «lotsagarria» dela dio EHEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.