Ez gaude demokraziaren sakontasunean bizitzera ohituta. Demokrazia parte-hartzaileari buruz hitz egin izan den arren, ez da Euskal Herrian gauzatu. Areago, Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduak ohartarazi duenez, parte hartzea debekatua dute oraindik herritar askok. Egoera iraultzeko unea iritsi dela uste du, eta horretarako baliabidea eskaini: Eztabaida Foroa. Atzo hasi zuen ekimena Bilboko Kafe Antzokian, eskubide zibilen aldeko mugimenduaren hazia sortu zen lekuan. Maialen Lizarralde Lokarriko kide eta mugimenduko kidearen hitzetan, «demokrazia parte-hartzailera ohitzeko».
Atzo egin zuten lehen saioa, eta gustura azaldu ziren lortutakoarekin: hainbat esparru eta ideologiako pertsonak bildu ziren eskubideei eta euskal demokraziari buruz hitz egitera. «Hitz egin, errespetatu eta entzun; batez ere, entzun», aholkatu zien Lokarrikoak World kafe metodologiaren onurak hobekien baliatzeko. «Egin indar proposamenetan; ez esan bakarrik gauzak zein gaizki dauden».
Gonbidatu batzuk eskubideei eta demokraziari buruz ulertzen dutena azaldu zuten, lehenik. Hizlari izan ziren Bea Ilardia eta Julen Arzuaga abokatuak, Yolanda Jubeto, Fito Rodriguez eta Antxon Mendizabal EHUko irakasleak eta Izaskun Guarrotxena mugimendu feministako kidea. Hausnarketarako tartea iritsi, eta lau edo seina laguneko taldeak elkarrizketatzeko prestatutako mahaietan zeuden gonbidatuak iritziak trukatzeari ekin zioten.
Pertsona kualifikatuak bildu nahi zituzten antolatzaileek, eta askotarikoak. Lortu zuten. Eztabaida horietan aritu ziren, besteak beste, Ramon Etxezarreta PSE-EEko kidea; Sabin Arana lehenik EAko eta ondoren Aralarreko ordezkari izana dena; Juanjo Martinez Leunda Jaurlaritzako Giza Eskubideetarako zuzendari ohia; Karmelo Landa ezker abertzalekoa; Alfontso Zenon abokatua eta Ane Ituiño TATeko kidea; Mattin Troitiño Etxerat-eko ordezkaria; Pello Urzelai BERRIAko politika saileko arduraduna; Oiakue Azpiri 18/98 auzian auzipetua; eta Expe Iriarte Udalbiltzaren aurkako auzian epaitua.
Demokrazia parte-hartzailera ohitzeko
Euskal Herriko Eskubide Zibilen aldeko Mugimenduak antolatuta, lehen eztabaida foroa egin zuten atzo Bilboko Kafe Antzokian 50 bat herritarrek; eskubideei buruz aritu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu