Politika

"Demokraziako alkateak" omentzeko ekitaldian "apartheid politikoa" salatuko dute ezker abertzaleko hautetsi ohiek

Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasunako alkate oihen iduriko ez da zilegia Bizkaiko Diputazioak "demokraziako alkateak" omentzea. Izan ere, egun "apartheid politikoa" puri-purian dagoela uste dute, eta, ondorioz, ez dela "ustezko demokraziari" gorazarre egiteko unea iritzi diote. Dena den, bihar Bilboko Euskalduna Jauregian egingo den ekitaldian izango direla iragarri dute; hain justu, "milaka euskal herritar" pairatzen ari diren bazterketa politikoa salatzeko.

2004ko uztailaren 26a
17:38
Entzun
Duela 25 urte Espainian erregimen demokratikoa ezarri zutela eta, denbora epe horretan Bizkaian alkate izan direnei omenaldia egingo die bihar Diputazioak Bilboko Euskalduna Jauregian.

HBren, EHren eta Batasunaren zerrendetan aurkeztuta alkate izan direnek ez dute begi onez ikusten ekitaldi hori. Hain justu, ezker abertzaleko zenbait alkate ohik gaur Bilbon egin duten agerraldian agertu dutenez, ilegalizazioen ondorioz "apartheid politikoa" bizi da egun Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta, bazterketa hori "milaka euskal herritarrek sufritzen" dutela azpimarratu dute.

Ildo horretatik, Bizkaiko Diputazioak biharko antolatu duen ekitaldia ez zaiela zilegia iruditzen azaldu dute, "milaka euskal herritar baztertuta daudenean ez baita ustezko demokrazia omentzeko momentua". Ildo horretatik, ekitaldi hori antolatzean Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak "axolagabe" jokatu duela salatu dute, eta ekimen horren bidez "PPk eta PSOEk abian jarritako apartheid politikoaren laguntzaile zuzena" dela iritzi diote.

Nolanahi ere, bihar Euskalduna Jauregian izango direla iragarri dute, baina omenaldian parte hartzeko barik "apartheida" salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.