Erabakitzeko eskubidea

Demokraziaren funtsa delako

Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko premian bat egin dute Juan Jose Ibarretxek, Gemma Zabaletak eta Floren Aoizek, Bilbon. Gure Esku Dago ekimenak antolatutako mahai inguruan elkargune ugari izan dituzte.

Ibarretxe, Aoiz eta Zabaleta atzo, Bilbon. L. JAUREGIALTZO, ARP
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko apirilaren 30a
14:42
Entzun

Herritarrak adieraztea delako demokraziaren oinarria. Horregatik defendatu dute erabakitzeko eskubidea Juan Jose Ibarretxek, Gemma Zabaletak eta Floren Aoizek. Landu egin behar dela diote. Defendatzea demokrazia defendatzea dela. Eta gauzatu egin behar dela. Eskutik oratuta aritu dira EAJko kide den Ibarretxe lehendakari ohia, PSEko kide den Gemma Zabaleta Gizarte Politiketarako sailburu ohia, eta Sorturen Iratzar Fundazioko zuzendari den Aoiz. Erabakitzeko eskubidea politikan aritu nahi duen ororen elkargunea ere badela adierazi dute; horixe dela bai demokraziaren, bai politikaren funtsa. Ehunka entzuleen gozamenerako, giro adeitsuan aritu dira hirurak Bilbon, Gure Esku Dago ekimenak antolatutako mahai inguruan. Txalo zaparrada jaso du horietako bakoitzak.

Argi azaldu dute, hirurek, Euskal Herrian gauzatu beharreko ariketa dela herritarrei nola antolatu nahi duten galdetzea. Eta baikor agertu dira hirurak. Gauzagarria dela uste dute, eta egingo dela. «Ezinbestean» galdetu beharra dagola diote, gainera. Saihestu ezina dela. Eta, Zabaletak, ez dela horren zaila iradoki du. Aurrez egina dagoen lanari heldu besterik ez dagoela. Zentzu horretan, PSOErengan konfiantza izateko mezua zabaldu du.

Benetako eztabaida politikoari heltzeko garaia dela dio PSEko kideak. «Sekulako garaia» dela. ETAk indarkeria amaituta eta «garai berrian» egonik, sakoneko eztabaida eragozten zuten arrazoiak desagertu direla seguru dago. «Argudiorik ez dutenen argudioak desegiten ari dira». Eta, horrenbeste urteren ondoren, «premia» dagoela dio. Demokrazia berreskuratu beharra dagoela. «Demokraziak erregenerazio sakona behar du, eta hor kokatzen da erabakitzeko eskubidearen balioa». Helduko zaiola sinesten du, gainera.

Bere alderdiak ere bide horretan urratsak emango dituen esperantza du. Hasi, mugitzen hasi dela iruditzen zaio. «Garai interesgarria da lehen aldiz Espainiako bi alderdi nagusietako batek, PSOEk, Konstituzioaren erreforma proposatu duelako».

Neurri horri ez zaio garrantzia handiegirik eman orain arte, baina Zabaletak berebizikoa ematen dio. Eta alderdia orain «geldiune» batean dagoela aitortu arren, PSOEk, zuzendaritza berritzeko prozesua amaitzen duenean, pauso garrantzitsuak emango dituen esperantza du. Konstituzioaren aldaketa lantzerakoan, ez dela azalean geratuko; heldu beharrekoari helduko diola, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko oinarriak jarriko dituela: «Ezin du Konstituzioa aldatu eta erabakitzeko eskubideari erantzunik ez emateko iruzurrean jausi». Apustuari eutsiko diola iruditzen zaio, beraz, eta horixe izan daitekeela erabakimenari bide emango dion «leihoa, aukera».

Alderdi sozialistak aurrez ere onartua duen zerbait dela ohartarazi du, gainera. Bidea egina duela, eta «berreskuratzea» besterik ez duela egin behar. Norabide horretako bi mugarri aipatu ditu: 2006. urtean Euskal Herri osoko sentsibilitate politiko gehienetako emakumeak Ahotsak taldean bildu zirenekoa ekarri du gogora: «Bide demokratikoetatik proiektu politiko guztiak defendatu eta gauzatu daitezkeela onartu zen, eta horrek bere isla izan behar duela ordenamendu juridikoan». Zabaletak azaldu duenez, PSEren «onarpen ofiziala» izan zuen adierazpen hark. «Baina emakumeak ginenez eta...».

Oinarri horiek, ordea, PSEk, EAJk eta ezker abertzaleak Loiolako akordioetan errepikatu zituztela ohartarazi du. «Euskal Herriaren nazio identitatea aitortzen zen, eta proiektu guztiak defendatu eta gauzatu daitezkeela». Euskal Herriko hiru alderdi nagusiek sinatutako akordioaz ari dela ohartarazi du. «Eta, elkarrizketa horietan zeudenak PSEko zuzendaritzakoak ziren; gaur egun ere zuzendaritzan daudenak», eman dio balio erantsia.

Itzaletik argira

Erabakitzeko eskubideari dagokionean egungo egoerara iristea ahalbidetu duena gehienbat Ibarretxe izan zela adierazi du, «bere zintzotasuna eta balentria» goratzeko.

Herritarrek erabakitzeko gaitasuna izateari ezezkoa ematea «demokraziari ezezkoa ematea» dela adierazi du Ibarretxek. Baina aurrera egiten ari dela deritzo: «Ezinbestean herritarrei boterea eman beharko zaien prozesu batean gaude». Gainera, «demokrazia hori» ukatzeak «subiranotasuna gero eta arinago handitzen» duela ohartarazi du.

Gainontzeko hizlariek bezala, lehendakari ohiak argi du demokrazian sakontzeko ikuspegitik defendatu behar dela erabakimena, «nazio ikuspegitik baino gehiago». Arlo juridikoa baino, arlo politikoa dela azaldu du, eta gakoa «gehiengoak sortzea» dela. «Ez dago erabakitzeko eskubiderako biderik; erabakitzeko eskubidea da bidea. Edo demokraziaren bidea hartzen da, edo aldebakarreko adierazpena egingo da».

Gure Esku Dago ekimenari gomendioa emanda amaitu du hizketaldia: «Beti aurrera baina beti elkarrekin; bestela jai dugu!». Kantuan hasi da, jarraian: «Zenbat gera, lau bat, hiru, bost, zazpi?». Entzuleek bat egin dute kantuan Ibarretxerekin, amaiera arte: Zer egingo degu, alkar hil? Hori ez! Hori ez!. Irribarreak eta txaloak jaso ditu Ibarretxek.

«Demokrazia da hitz garrantzitsuena erabakitzeko eskubideari buruz ari garenean», adierazi du Aoizek ere. Aniztasunak aldarria indartu egiten duela azaldu du gainera, mahai inguruaren balioa goraipatuta. «Erabakitzeko eskubidearen oinarria batasun berrien giltzarria izan daiteke».

Aoizen ustez, etorkizunari buruz erabakitzea izaten da gatazka guztiak kudeatzeko muina, eta beraz, garai berrian oinarri horri heltzea giltzarria da. Aldeko haizeaz jardun du, besteak beste: jadanik ez dela abertzaleen aldarri bakarrik, eta zazpi lurraldeetara aldi berean zabaltzen ari dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.