EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta PPko legebiltzarkideek Radio Euskadin eztabaidatu dute, eta Herrira mugimenduaren kontrako polizia operazioa izan dute hizpide. Egibarren ustez, Espainiako Gobernuak eta Auzitegi Nazionalak "berpiztu egin dute 'dena da ETA' tesia", eta bakegintzan atzerapausotzat jo du operazioa. Halaber, kritikatu du tesi hori berreskuratzea "kontziente badira ere ETAk duela bi urte eten zuela jardun armatua".
Egibarrek oroitarazi du EAJ ez dela izango Herrira-ren kontrako polizia operazioa salatzeko manifestazioan, azalduta martxak "berezko testuingurua" duela: "Euren presoak, horiek ordezkatu dituzten erakundeak eta ezker abertzalearen ingurukoak dira aldebakarrekotasunetik urratsak egin behar dituztenak". Horretarako "EAJren beharrik" ez dutela gaineratu du.
EH Bildu
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak espero du gaur Bilbon egingo duten manifestazioa "denen alde eta inoren kontra" eginikoa dela ulertzea. Ohartarazi du martxan "presoek pertsona gisa dituzten eskubideak" defendatuko dituztela, Herrira-ren aurkako sarekada salatzeaz aparte.
Arzuagaren ustez, herritarrek "tristuraz eta haserre" jaso dute mugimenduaren kontrako operazioaren berria, eta gaurko protesta "jendetsua" izateko nahia azaldu du.
PSE-EE
Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkidearen iritziz, Herrira mugimenduaren aurkako operazioak "galderak" sortzen ditu, eta beharrezkotzat jo du azaltzea operazio horren "arrazoiak eta helburuak". ETA desegiteko eskatu du, eta gaineratu: "ETA jardunean ez badago ere, horrek ez du esan nahi existitzen ez denik".
Epaitegiek hartutako erabakiak errespetatzea galdegin du, baina baita aitortu ere mugimenduaren kontrako sarekadak "atentzioa eman" duela.
PP
Borja Semper PPko legebiltzarkideak esan duenez, ezker abertzalearentzat eta presoentzat, "ETAren porrotaren ondoren ere, haientzat ere funtzionatzen du legeak". ETA desegiteak "eztabaida asko aurreztu eta egoera aldatuko luke", gaineratu duenez.