Nafarroa Oinez

Dena prest dute Tuteran Nafarroa Oinez ospatzeko

Hiru kilometrok eta lau gunek osatuko dute Nafarroa Oinez-en ibilbidea. Errigora proiektua eta Dani Lopez euskaltzalea omenduko dituzte.

Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko urriaren 16a
14:52
Entzun

Izan argi, hori da igandean ospatuko den Nafarroa Oinez bestaren leloa. Laugarren aldiz hartu du Tuterako Argia ikastolak Nafarroako Ikastolen besta antolatzeko ardura, eta dagoeneko dena prest dute igandean milaka euskaltzale herrian hartzeko. Hiru kilometro pasatxoko ibilbidea osatu dute, eta lau gunez osatuta egongo da: Argia, Etorkizuna, Aniztasuna eta Alaitasuna. Iaz hasitako bideari jarraituz, besta inklusiboa izateko ahalegina egin dute antolatzaileek. 1.500 boluntaro baino gehiago ibiliko dira lanean egun osoan.

10:00etan hasiko da Nafarroa Oinez, ohiko zinta moztearekin. Irekieraren ondotik, ikastolak Errigora proiektua omenduko du, nekazariak, euskaltzaleak eta kontsumitzaileak uztartu eta Erriberan euskara bultzatzeagatik. Nafarroako ikastolen federazioak, berriz  Dani Lopez euskaltzalea omenduko du, urteetan Erriberan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik.

Egitarau zabala izango du Nafarroa Oinez-ek. Azken urteetan bezala, Erronka ere eginen dute, eta 11 ikastolatako haurrek parte hartuko dute. Aurten, berrikuntza gisa, Ikasgai aplikazioa sortu dute sakelakorako. Aplikazio horretan, gunean guneko informazioa jasotzez gain, zenbait galdera egingo dituzte, eta asmatutako galderen truke opariak jasoko dituzte parte hartzaileek. Ikastolako kideek oroitzarazi dute ez dutela «erasorik onartuko».

Datorren urtean, Lizarran
«Argia ikastolaren komunitate osoaren desioa da da Erriberan euskararen normalizazioaren alde lanean segitzeko beharrezkoa dugun markoa jartzen jarraitzea», adierazi dute ikastolako kideek. Bildutako dirua proiektu pedagogkikoak aitzinera eramateko, instalazioen mantentze lanak ordaintzeko eta proiektua jasangarria izateko egindako inbertsioak ordaintzeko erabiliko dute. Lizarra ikastolak hartuko du Nafarroa Oinez antolatzeko ardura datorren urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.