Durangoko Landako gunea (Bizkaia) aukeratu zuten atzo ekainaren 8an erabakitzeko eskubidearen alde egingo den giza katea aurkezteko. Izan ere, hamar egun barru, handik hasiko dira eskuak elkar lotzen, eta Iruñera bitarte dauden 123 kilometroak eskuz esku lotzeko erronka du Gure Esku Dago plataformak. Hori irudikatu zuten atzoko agerraldian bildutako hamarnaka herritarrek. Egunari begira, bi ideia nabarmendu dituzte antolatzaileek: ekitaldira autobusez joatea eta 10:00etan bakoitzari dagokion kilometroan egotea.
123 kilometro ehun mila eskurekin lotzea ez da lan erraza, plataformako kideen arabera: «Hori osatzeak zailtasun teknikoak ditu. Eta garrantzitsua izango da argibide batzuei jarraitzea», adierazi du Angel Oiarbide plataformako kideak. Arazorik sortu ez dadin, metroa aurrez eskuratzea nahi dute antolatzaileek, «aurreikuspen egokia egin eta ekainaren 8an bakoitzari dagokion metroan kokatzeko». Behin metroa eskuratuta, 10:00etan han egoten ahalegintzeko eskatu diete herritarrei. Horretaz gain, Oiarbidek indar berezia egin du herrietan antolatu dituzten autobusetan joateko deialdian: «Lehentasun osoa izango dute autobusek, eta, beraz, garraio modurik erraz, eroso eta egokiena izango da». Adierazi duenez, arazoak eta kotxeen pilaketak saihestu nahi dituzte horrela.
10:00etatik mobilizaziora bitartean, «modu animatu eta ordenatuan» prestatuko dute dena. Antolakuntza lanetan arituko direnen irizpideei kasu egiteko eskatu dute plataformako kideek. «Egun garrantzitsua izango da, eta, dena ondo ateratzeko, ordena behar da», dio Oiarbidek. Nabarmendu du ordutegia betetzea dela giza katea ondo ateratzeko gakoetako bat. Adarraren hotsak emango dio hasiera ekitaldiari, 12:00etan. Eta, ordu erdiz, hiriburu biak etenik gabe lotuta egongo dira: «Hausturarik gabeko giza katea osatu nahi dugu, milaka esku elkartuz», adierazi du Oiarbidek. Antolatzaileek nabarmendu dute goizean jai giroa izango dela ibilbidean.
Giza katea bukatu ondoren, jaialdiak egingo dituzte Euskal Herriko bost herritan. 14:00etan hasiko dira ekitaldiak, Iruñean, Etxarri Aranatzen (Nafarroa), Durangon, Lazkaon (Gipuzkoa) eta Bergaran (Gipuzkoa). Eta 20:00etara arteko egitarauak osatu dituzte bost herrietan. Horietara joateko deia egin du Gure Esku Dago-ko kideak: «Euskal Herriarentzat egun berezia izango da».
Oiarbidek azpimarratu du erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika arrakastatsua dela jada: «Herri askotan, sentsibilitate politiko ezberdineko jendea bildu da norabide berean». Eta azpimarratu du hori irudikatuko dela ekainaren 8an: «Hori izango da argazkirik politena: jende ezberdina elkarrekin eta eskuz esku lotuta ikustea».
Ahots bat baino gehiago
Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena egiteko egun seinalatua da ekainaren 8a euskal herritarrentzat, Oiarbideren arabera. Baina, egun berean, katalanek «demokraziaren dorreak» egingo dituzte Europako zazpi hiriburutan, azaroaren 9an Katalunian egingo den galdeketaren alde. Omnium Cultural elkarteak eta giza dorreak egiten dituzten elkarteen koordinakundeak bultzatutako egitasmoa da. Plataformako kideak adierazi du Iruñeko Gazteluko plazan egingo dutela zortzigarren castell-a, giza katea bukatzen den toki berean: «Horrek aukera ematen du Europako bi gizartek erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko ekintza bateratua egiteko», adierazi du Oiarbidek.
«Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta herritarren garaia da». Hiru aldarrikapen horiek zabalduko ditu Gure Esku Dago-k hamar egun barru. Milaka lagunen eskuak behar dituzte hiri biak lotzeko. Datozen egunetan emango dute metroa eskuratu duten herritarren kopuruaren berri. Lortu denarekin pozik daudela adierazi du Oiarbidek: «Aurreikuspen oso ona egiten dugu».
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau:
www.gureeskudago.net