Larunbatean egitekoa den ekitaldiarekin "fase berri bat" abiatuko duela iragarri du Herrira mugimenduak gaur Iruñean egindako prentsaurrekoan. Jon Garai bozeramaileak azaldu du "nabarmen frogatua" geratu dela espetxe politika aldatzearen alde dagoela gizartearen gehiengoa. "Baina hori ez da nahikoa", esan du: "Beste urrats bat behar da. Gehiengoaren adostasun zabal hori gehiengoaren ekintza sozial bihurtzea da orain gure erronka, gobernuen immobilismoa gainditzea epe luzerako masa dinamika baten bidez".
Helburu horrekin, urte berrirako asmoak azalduko dituzte larunbateko ekitaldian. Aurreratu dutenez, Carlos Olalla aktore madrildarra eta Maite Bidarte kazetari nafarra ariko dira aurkezpen lanetan, eta udan osatutako Herritarron Epaia liburuxka emango dute ezagutzera. 80 herritan baino gehiagotan egindako ekitaldiekin osatu da Herritarron Epaia, besteak beste, Parot doktrinaren aurka, hamaika eragile eta norbanakok egin dute beren ekarpena. Jendaurrean aurkeztu ondoren, Espainiako, Frantziako nahiz nazioarteko beste herrialde batzuetako eragileengana bidaliko dute liburua.
"Berritzailea"
Gotzon Sanchez aktorea, Pello Reparaz Vendetta taldeko musikaria eta Karmele Tirapu Etxerat-eko kidea ere izan dira Iruñeko agerraldian. Joan den astean aurkeztu zuten ekitaldiaren iragarkia, Sanchezek zuzendua. Aktoreak jakinarazi du hainbat artistak hartuko dutela parte ekitaldian, eta "formatu berritzailea" izango duela. Gainera, Sanchezek azaldu du aurten egingo duten mobilizazio proposamena ere ez dela izango "aurreko urteetako bezalakoa".