-gutxiengo gobernuak.
Etorkizuneko urratsak gutxien baldintzatuko lituzkeen aukera litzateke gutxiengoko gobernuarena. Inbestidurako bozketa sistemagatik, Ibarretxe lehendakari izateko bere koalizioko 29 legebiltzarkideen babesa aski izatea ere litekeena da. Lehenengo bozketan inork gehiengo osoa lortzen ez badu, hurrengo egunean boto gehien lortzen dituen lehendakarigaia izendatuko dute. PSE-EEko eta PPko legebiltzarkideek norbere lehendakarigaiei bozkatuz gero, Ibarretxe litzateke garaile. Baina PPkoek botoa Lopezi emanez gero, EB-Berdeek eta Aralarrek boza Ibarretxeri ematea beharrezkoa litzateke, berdinketaren bidez Lopezi lehendakari izatea eragozteko. Ibarretxerentzako gehiengoa emateko baino, Lopezen gehiengoa eragozteko izan litezke erabakigarri EB eta Aralar.
-gehiengo gobernuak.
Gehiengo osoak osatzeko hiru aukera ageri dira, zein baino zein zailagoak. PSE-EEk Ibarretxerekin bat egitea litzateke bat, baina Lopez lehendakari izango lukeen gobernua baino ez dutela sostengatuko agindu dute sozialistek kanpainan. Gobernu abertzale batek ere gehiengo osoa luke Aralarrekin edo gabe, are gehiengo zabalagoa, noski, EB batuko balitzaie. Kontzentrazioko gobernu transbertsala litzateke aukerarik zailena, politika fikzioa oraingoz: estatus politiko berria hitzartzeko eta bakea lortzeko negoziazio prozesua beharrezkotzat jotzen dutenen arteko akordioa litzateke, PP ez beste guztiena alegia.
-ELKARRIZKETen mamia.
Elkarrizketa prozesuaren metodoari buruz ikuspegi antzekoa dute Ibarretxeri gehiengo osoa eskaintzeko gaitasuna duten bi aldeek, PSE-EEk eta ezker abertzaleak: negoziazioa Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu proposamenaren gainean egin beharrean, oinarrizko joko arauak hitzartzeko elkarrizketa prozesua proposatzen dute. Berriro hastea, azken batean. Lehen baino posizio hobean daude biak, elkarrizketa eredu hori eragiteko.
-IBARRETXEREN GIDARITZA.
Estrategiak huts egin dio, Espainiako Kongresuak Estatutu proposamena atzera bota ondoren, hauteskundeetan gehiengo indartsua lortuta Madril negoziatzera behartzea baitzen Ibarretxeren asmoa. Errepide plana berriro idatzi beharrean da EAJ; zeinek idatziko duen da kontua. Gobernu akordioa PSE-EErekin egin nahi luketenentzat egoera egokia sor liteke, baina baita erabaki eskubidea gauzatuz konponbide politikoa bilatu nahi dutenentzat ere, EHAKrekin lankidetzarako aukerak zabaltzen baldin badira. EAren eragina ere garrantzitsua izan daiteke, autonomiaren oinarriak bere horretan utzita sozialistekin gobernu akordioa lortzearen aurka baitago printzipioz.
-EHAK solaskide.
PPren salbuespenarekin, solaskide gisa zilegitasuna aitortu diote guztiek EHAKri, PSOEko zuzendaritza federalak barne, elkarrizketak «bazterketarik gabea» izan behar duela azpimarratu baitu Jose Blanco Antolakuntza idazkariak. ETAren barealdiak irauten badu behintzat, EHAK elkarrizketa errondatan normaltasunez onartuko dutela ematen du, garai batean Batasuna ez bezala. Inbestidura saioan lehendakari abertzalea izan dadin erraztu edo ez erabakitzea izango da EHAKren aurreneko jarrera hartze garrantzitsua, aurretik adostasuna lortuta edo gabe. Giltza berak izango du, sozialistek kentzen ez badiete behintzat PSE-EEren eta EAJ-EAren arteko elkar ulertzea bideratze aldera Ibarretxeren hautaketa erraztuz, esate batera. Ibarretxek EBren eta Aralarren sostengua jasoz gero, Ibarretxeren Planaren bozketan SAk egindako jokaldiaren antzekoa egitea aski luke, boto bakarra emanda berdinketa hautsiko bailuke.
-PP-PSOE ituna.
Hauteskundeetako galtzaile nagusia Alderdien Legea izan da, legea indarrean jarri aurretik zuena baino indar handiagoa erakutsi baitu Batasunak, EHAKren bidez, alderdia legez kanporatu eta hiru urtera. Eta ondorioz, PP-PSOE Estatu Ituna ere ukituta dago. Horren adierazle da PPk Zapaterori botatzea «ETA Legebiltzarrean egotearen» errua, eta horren seinale izan daiteke PSOEk EHAKrekin hitz egiteko prestasuna agertzea.
-
LEGEZ KANPORATZEA
EHAK gabe, giltza Aralarrek
EHAKren zerrendak baliogabetu izan balituzte, igandeko emaitzen arabera, etekin handiena EAJ-EAk aterako zukeen. D'Hont legearen arabera, EHAKren bederatzi jarlekuetatik bost EAJ-EAk hartuko lituzke (Gipuzkoan hiru, eta bana Araban eta Bizkaian), eta bina irabaziko lituzkete PSE-EEk (bat Bizkaian eta bestea Gipuzkoan) eta PPk (bat Araban eta bat Gipuzkoan). EAJ-EA koalizioak 34 ordezkari lituzke beraz eta, EBren hirurekin, 37ra helduko lirateke, PSE-EEk (20) eta PPk (17) adina. Aralarren parlamentariak hautsiko luke, beraz, berdinketa.