Karlos Zurutuza. BERRIAko kolaboratzailea

«Denbora behar da zerbait irakurgarria idazteko»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Usurbil
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Libiatik egindako kronikengatik jaso du prentsa idatziko Argia saria Karlos Zurutuza BERRIAko kolaboratzaileak (Donostia, 1971). Taldeko argazkia atera eta berehala hartu du kazetaria. Jaso duen aitorpenagatik pozarren agertu da. Bi aste barru Irakera joango da, hango egoeraren berri emateko.

Pozik egongo zara prentsa idatziko Argia saria jasota.

Bai, jakina. Aitorpena oso polita da.

BERRIArako Libian egindako artikuluengatik saritu zaituzte. Aurretik egindako lana ere gogora ekarri dute. Egiten ari zaren ibilbideari eman al diote saria nolabait?

Hala diote beraiek; beraiei galdetu beharko diezu. Nik, behintzat, pozarren hartu dut saria.

Egun multimedia kazetaritza delakoa denon ahotan dago, baina zuk egiten duzuna betiko kazetaritzatik gertuago dago.

Gaur egun dugun komunikatzeko multimedia tresna hauekin guztiekin, hainbatetan oso bat-batekoa da informazioa. Erabateko bonbardaketa bat dago. Areago, batzuek Twitter bidezko kazetaritza egin nahi dute; eta Twitterrek eta Facebookek tresna osagarria izan behar dute, gehigarri bat. Ni saiatzen naiz kronikei denbora eskaintzen, pazientziaz eta, jakina, ahalik eta hobekien egiten. Horrek denbora behar du, zerbait irakurgarria idatzi ahal izateko.

Sarri esan ohi da kasta gogorrekoak zaretela gerra kazetariak. Hala uste duzu zuk ere?

Argi dago ez dela egunetik egunera hartzen den erabaki bat. Nire kasuan, ez zen hala izan behintzat, eta ez dut uste inor egon denik hutsetik hasita bere burua horrelako egoera batean ikusi duenik. Pixkanaka-pixkanaka ogibideak berak eramaten zaitu toki horretara. Oso gerturatze prozesu progresiboa da.

Iran, Afganistan, Libia... Hurrengo geltokia?

Aurki, bi aste barru, Irakera noa, BERRIArentzat lan egitera. Uste dut orain arreta handia jarriko zaiola Iraki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.