Gaur ez da atzo bezalako arazorik izan Euskal Herriko errepide eta hirietan. Araban uholde arriskua dago hurrengo egunetan, atzo pilatutako elurra urtzen hasi baita.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du soilik Opakua izan dela itxita ibilgailu guztientzat. Otzaurteko mendatea kamioientzat itxita dago, Jaurlaritzaren informazioaren arabera. Errepide sarean oro har ez da arazorik, errepide gutxi batzuetan izan ezik. N-1 errepidea, Agurainen, Gasteizera bidean, itxi egin behar izan dute zortzi autok elkar jo dutelako; irekita dago jada.
Bizkaian, N-634 errepidean, Etxebarri parean, luizi bat egon da, eta Bilborako noranzkoan bide bat itxi egin behar izan dute.
Gipuzkoan, Azkoitian, 40 baserri bakartuta geratu dira luizi baten ondorioz.
Nafarroako Gobernuak gomendatu du arretaz gidatzeko, batik bat Pirinio inguruan elurra egin dezakeelako eta goi inguruetan haizea bortitz ibil daitekeelako. Sakanan oraindik etxebizitza batzuetan argindarrik gabe jarraitzen dute.
Atzo Araban eta Nafarroan elurrak eta Bizkaian uholdeek arazoak eragin zituzten errepideetan; 24 mendate itxita egon ziren. 30.000 etxek baino gehiagok galdu zuten argindarra, eta gaur ere oraindik zenbaitetan ez dute berreskuratu.