"#denboralea"(r)i buruzko Txioak
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alarma gorria ezarri du kostaldean. Itsasgora gaindituta, denboraleak ez du aparteko kalterik eragin kostaldean. Hainbat herritan nahiz Bilbon zein Donostian, gainezka egin dute ibaiek, eta kaleetan barna sartu. Hala ere, olatuek ez dute aparteko kalterik sortu. Bihar goizaldean berriz egon beharko da adi, 06:20eko itsasgora dela eta.
Gogor jo du itsasoak kostaldeak. EFE berri agentziak zabaldu duenez, bataz beste, 9,37 metroko olatuak izan dira Donostian. Arratsaldeko lehenengo ordutik izan da Kursaaleko zubia itxita (itsasoa gertuen duena), eta orduek aurrera egin ahala itxi dituzte Mundaiz zubia eta Santa Katalina (azken hori, erdizka). Hala ere, itsasaldia jaisten joan den heinean, berriz ireki dituzte biak. Salamanca pasealekua eta Pasealeku Berria, aldiz, ez dituzte irekiko alarma gorria kendu bitartean (biharko 09:00etan izango da hori, goizeko itsasgora gainditu ostean). Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak esan duenez, 21:00etarako espero dira olaturik handienak, baina ordurako itsasaldia baxuagoa izango da.
Olatuek honelako harri kozkorrak ekarri dituzte Zuloaga plazaraino. #denboralea#donostiapic.twitter.com/2MkybVcbbS
— Oihan Vitoria (@oihanvito) March 3, 2014
Bermeok, adibidez, kalte handiak jasan zituen otsaileko denboralean, eta udaleko iturriek jakinarazi dutenez, Eusko Jaurlaritzak dikea indartzeko jarritako hormigoizko hiru bloke "arinki" mugitu dituzte olatuek. Itsasaldia pixka bat baretu denean, berriz ere, behar bezala jarri dituzte, bihar goizeko itsasgorari aurre egiteko prest egon daitezen. Ura, dena den, arrantzaleen lonjetaraino ailegatu da.
Arratsaldeko irudiak
18:58: Elorrieta eta Zorrozaurre parean ere gainezka egin du itsasadarrak Bilbon. Deustuko erriberan eta Zorrozaurren ibilgailuen trafikoa itxi dute.
Olatu erraldoi batek gogor egin du Salamanka pasealekuko etxeen kontra. Aldamar kaleraino iritsi da ura. #denboraleapic.twitter.com/ZG5Pe4z0kh
— Oihan Vitoria (@oihanvito) March 3, 2014
18:38: Donostiako Udalak Mundaiz zubia guztiz itxi du, eta Santa Katalina, berriz, erdizka: erdigunerako bidea itxi dute.
18:35: Ibaizabal ibaia gainezka egiten hasi da Olabeaga parean, Bilbon.
18:05: Errobi ibaia gainezka egiten ari da Baiona Ttipian. Matxitxakon (Bizkaia), berriz, 137 kilometro orduko haize ufadak neurtu dituzte.
Errobi ateratzen ari da #Baiona Ttipian pic.twitter.com/n4bbOG4V2m RT @AitorRenteria@Euskalmet#denboralea
— Aran Txai (@aran_txai) March 3, 2014
17:00: Zarautz eta Zumaia arteko N-634 errepidea moztu egin du Segurtasun Sailak, eta hala egongo da bihar 18:30ak arte.
Goizean hasi dira neurriak hartzen
Donostian Salamanca pasealekua goizetik itxi dute, zetorrenaren beldur. Berdin egin dute Zurriolako zubiarekin, eta hiriko gainerako zubietako inguruetako espaloiekin. Ahal bada "ordurik kritikoenetan" itsasertzean ez etxetik ateratzeko abisua eman dute, eta autorik ez erabiltzekoa. Zuloaga plazako merkatarien artean, berriz, hondar zakuak banatu dituzte, babes gisara erabiltzeko.
Izagirre Donostiako alkateak "arduraz" jokatzeko eskatu die herritarrei. Kostako beste hainbat udalerritan ere neurri bereziak hartu dituzte; Bermeon, esaterako, porturako sarbidea itxita dute dagoeneko. Ez da gutxiagorako. Eusko Jaurlaritzaren arabera, otsail hasieran kostaldean kalte handiak eragin zituen denboralearen “antzekoa edo handiagoa” da gaur-biharkoa.
Asteburuan ere aztoratuta ibili da itsasoa, eta hainbat abisu utzi ditu: igande goizaldean, esaterako, andrazko bat olatu batek jo zuen Loretope parean (Kontxako hondartzaren eta Ondarretakoaren artean), eta erreskatatu egin behar izan zuten. Hipotermiak jota eraman zuten Donostia Ospitalera. Zarautzen (Gipuzkoa) ere hainbat txikizio eragin dituzte olatuek.Horrez gain, Jaurlaritzak abisu horia eman du haizeagatik haizeguneetan 09:00etatik gauerdira.