Urte batzuk atzera egin izanaren sentipena nagusitu da Hondarribiko kaleetan (Gipuzkoa). Jaizkibel konpainiako kideek eta haiei babesa erakutsi dieten ehunka lagunek plastiko beltzez estalitako Kale Nagusia igaro behar izan zuten atzo, Betiko alardea eskatzen zuten kartelez inguraturik. Beren aurkako oihuak entzun zituzten. Emandako erantzuna? Jaizkibelen jarraitzaileen txalo zaparrada. Inoiz baino lagun gehiago bildu ziren txilibitua eta danborra jotzera: 320 inguru zenbatu zituzten alardeko kideek. Eta ibilbidearen eta orduen murrizketaren aurka eserialdia egin zuten arren, desfilea lasai eta sostengu handiarekin osatzea lortu zuten.
Aiora Mitxelena kantineraren bila joan ziren atzo goizean goiz. Ertzainek Jaizkibeleko kideak inguratu zituzten orduan, eta haiek lagundurik aurrera egin zuten ibilbidearen hasieraraino, Kale Nagusiaren hasierara. Giro lasaia zegoen Hondarribian: zuriz jantzita, eta txapel eta zapi gorriak soinean, herritarrak desfilea ikusteko toki bila zebiltzan. Konpainia parekideak, dena den, ertzainez osaturiko hesia aurkitu zuen Harresilanda kalerako sarbidean. Handik igarotzea debekatu egin zien Herrizaingo Sailak iragan astean. «Urte gogorra izaten ari da aurtengoa, egindako lana oztopatu nahi digutelako», adierazi zuen Maribel Salinas-ek, Jaizkibeleko kapitainak.
Ohiko hasiera lekura iritsitakoan, baina, ez ziren gelditu. 08:10 inguru ziren, eta aldapan gora jarraitu zuten Emakumeen alardea. Alardea, publikoa leloarekiko pankartaren atzetik. Alde Zaharrerako sarbidea ematen duen arkupetik igarotakoan, kaleko albo banatan plastiko beltzak aurkitu zituzten. Pixkanaka, hesi beltzaren atzean ezkutatutakoen ahotsak entzuten hasi ziren, «betiko alardea» oihukatuz. Ez gara zuek ikustera etorri zioten irudiak zabaldu zituzten ibilbidean.
Aitzitik, atzean zituzten lagunen babes txaloak entzun zituzten Jaizkibeleko kideek, eta «emakumeen alardea» zioten garrasiak. Pankarta beltzen aurrean jarritako hainbat herritarrek ere bat egin zuten haiekin. Udaletxe paretik igarotakoan, pareta beltzak amaitu ziren tarte batez. Bertan zeuden Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Gipuzkoako Diputazioko Berdintasunerako zuzendari Laura Gomez eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Aralarreko bozeramaile Rebeka Ubera, besteak beste. Haiek ere gogor egin zuten txalo Jaizkibelekoak gorantz zihoazen bitartean.
Bidean liskarren bat edo beste izan zen; keinu itsusiren bat, gaitzespenak, txistuak. Urteroko kontuarekin «nazkatuta» daudela zioten alarde parekidea babesten zuten lagunek, eta hurrengo urtean parte hartzeko asmoa dutela azaldu zuten hainbatek. Jaizkibeleko lagunek irmo eutsi zioten. «Oztopo guztien gainetik aurrera dihardugu», nabarmendu zuen Ixabel Alkainek, konpainiaren sorreratik bertako kide denak eta urte askoan kapitain izandakoak.
Arma plazara iritsita, geldialdi labur bat egin zuten, soldaduek ez baitzuten tirorik jaurti, eta berriro ere maldan behera abiatu ziren azkar. Desfileko lehen lerroetan gazte andana zihoan txilibitua jotzen; hesi beltzaren atzean ezkutatutako asko ere neskato gazteak ziren, auzia belaunaldi gazteetara zabaltzen ari den seinale.
Isilik eta eserita
Kale Nagusia eta Harresilanda kalea batzen dituen bidegurutzean ertzainak zeuden oraindik, hesia osatuz. Jaizkibel konpainiak Herrizaingo Sailak ezarritako debekua beteko zuela ziurtatu nahi zuten haiek. Eta hala izan zen: konpainia mistoko kideak lurrean eseri ziren, musika tresnak isilduta. Hamar minutuz egon ziren, protestan. Betiko ibilbidea egiteko baimena eskatu zuten, aldarrikapen isilean. «Segurtasunaren arazoa aitzakia moduan erabili dute; gainera, eserialdiarekin Kale Nagusian jasaten dugun errespetu falta ere salatu nahi dugu», azaldu zuen Salinasek.
Haien inguruan ertzainak ez ezik, alarde tradizionalean parte hartzeko prest zeuden gizonak eta haien jarraitzaileak zeuden. Mespretxuzko adierazpenen bat egin zieten, baina Jaizkibelekoen jarrera errespetatu zuten. Debekua espero zutela, eta martxa horretan alardean parte hartzea guztiz debekatuko zietela zioten elkarren artean.
Hamar minutu igarota, ezarritako orduak bete ahal izateko, Jaizkibelek berriro ere ekin zion martxari Zumardia kaletik. Hori ez zen betiko ibilbidea, eta hor ikusle gutxi izan zituzten. Aldaketaren ondorioz, konpainia ikusezinago bilakatu zen eremu hartan. Jarraitzaileek, aldiz, txaloka eta giro politean jarraitu zieten atzetik, eta ez zituzten une bakar batean ere galdu. Ertzaintzaren helikopteroak zeru oskarbia zeharkatu zuen orduan, konpainiaren gainetik.
Bidean aurrera, Jaizkibel kalean sartu ziren. Bertan hainbat ordezkari politikok babestu zuten konpainia, eta amaieraraino jarraitu zioten. Besteak beste, Hondarribiko Udaleko Bilduko Ibai Labaien eta Marilena Castillo zinegotziak, Aralarreko Aintzane Ezenarro eta Jon Abril, EB-Berdeak alderdiko Francisca Sanchez, ezker abertzaleko Miren Legorburu eta Alternatibako Begoña Vesga eta Ana Etxarte izan ziren bertan.
Halaber, erakunde publikoetako ordezkariek ere babesa erakutsi nahi izan zieten. Aldaketen aurkako jarrera salatu zuten, eta neurria «atzerapausotzat» jo. Tartean, Tolosako Berdintasun teknikari eta emakumeen eskubideen aldeko eragile Josebe Iturrioz, Arartekoa ordezkatuz joandako Julia Hernandez, eta Emakundeko aholkulari Reina Ruiz zeuden. Azken horrek Maria Silvestre Emakundeko zuzendariaren ordez joan zela argitu zuen, hark agenda arazoak zituela argudiatuz.
Eskerrak jarraitzaileei
Ibilbidea amaitu bitarteko azken metroetan konpainiak albo batera egin zuen, eta igarobide modukoa utzi zieten ordura arte atzeko aldean joandako ehunka jarraitzaileei. Elkarri eskerrak emateko ekintza sinbolikoa izan zen.
Alardeko kideek osatutako ilara luzearen erdian Salinas, Leire Ugalde tenientea eta Aiora Mitxelena kantinera jarri ziren, azken hori, aitak lagunduta. Hunkiturik azaldu ziren denak, eta pozik lortutakoarekin. Arma plazan egin ez bezala, oraingoan soldaduek tiro egin zuten airera. Ibilbideari amaiera eman zioten hala.
Jaizkibeleko kideak kontent azaldu ziren, nahiz eta oraindik egiteko asko dagoela azpimarratu. «Gure helburua alarde publiko eta parekide batean parte hartzea da, ez dugu beste alarderik nahi», esan zuen Salinasek. «Lanean jarraituko dugu».
Hondarribiko alardea
Denboran bost urte atzera
Emakumeek parte hartzearen kontrakoek pankarta beltzez hartu dute Jaizkibel; eragile politiko eta herritarrek zabal babestu duteDesfile parekideko lagunek protesta egin dute ibilbide eta ordu aldaketen aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu