Komunikazioa. BERRIAlagunen batzarra

Denen ekarpenekin ehuntzen da sarea

Nola ekin euskarazko taldearen geroari? Galdera horri erantzuteko iritziak trukatu dituzte BERRIA Komunitateko kideekInterneten sakontzeari eta lotura afektiboa lantzeari «ezinbestekoa» iritzi diote askok

BERRIA Komunitateko kideen batzarrak iritziak trukatu eta ideia berriak jorratzeko aukera eman zuen atzo, Andoainen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Andoain
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Bere inguruan eratutako komunitate sendo bat ehundu gabe nekez egin dezake aurrera euskarazko komunikabide talde batek gaur egun. BERRIAk BERRIAlagunak behar ditu, ekarpenak, ez soilik ekonomikoak edo ziztadak, baita intelektualak ere; ideiak azken finean, iritziak, geroari ekiteko ildoa ezartzen laguntzeko. Xede horrekin egin zuten BERRIA Komunitateko kideek lehen batzarra atzo, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean.

Inoizko testuinguru okerrenari aurre egin nahi dio euskarazko egunkariak, paperezkoak eta digitalak; eta hazi, «egundoko etorkizuna» izan baitezake erabaki egokiak hartuz gero. BERRIAlagunen ekarpen interesgarriak entzun ziren batzarrean: «Urrats gehiago egin behar dira komunitatea trinkotzeko». «Lotura afektiboa» ere behin baino gehiagotan aipatu zen. Kalitatea handitzea da bidea, produktua hobetzea; eta Interneti etekina ateratzen hastea, «erabiltzaileak bazkidetzen asmatzea». Paradoxa handia baitago: inoiz baino irakurle gehiago ditu BERRIAk, eta inoiz baino zailtasun ekonomiko gehiago.

Etorkizun multiplataforma datorrela ere argi ikusten dute denek, baina proiektua zehaztu behar da, paperaren lekua zein den eta zein izango den mugatu behar da, baita euskarri digitalarena ere. Bakoitzaren eskaintza zehaztu behar da, eta diru iturri berriak asmatu. Berria.info-ren erabiltzaileek jakin behar dute hura egiteak kostu bat duela. Haien ekarpenen bidez euskarri digitalean sakontzeaz hitz egin zen, «kanal tematikoak eskainiz» adibidez. Hona aste honetan posta elektronikoz jasotako zenbait iritzi eta atzoko batzarrean entzundako hainbaten ahotsak:

AITOR APRAIZ

«Jendeak dena dohainik eta bat-batean izateko ohitura onartu du»

«Zaila ikusten dut gaur egun hedabideen finantzaketa. Jendeak dena dohainik eta bat-batean izateko ohitura onartu du, eta nekez ordainduko du informazioa. Aterabide bakarra Google eta abarren sisteman ikusten dut. BERRIAren webgunean egin daitekeen iragarki eta publizitatearen bitartez finantzatzera iristen ez bada...».

JOSU AZPILLAGA

«BERRIA ataria indartu behar da, jendeari informazioa arin eta ongi egituratuta emanez»

«BERRIA atariak hobetu behar du, marka indartuz. Oso garrantzitsua da informazioa egituratzeko modua. Kazetariaren balioa indartu behar da, irakurleak haren ingurura biltzeko. Irakurleari ere parte hartzea zabaldu behar zaio. Horrez gain, informazioak denbora errealean egon behar du eskura, eta zabalik egon behar du kanpoko beste egituretara, dela Twitter, dela Facebook. Eta gaien inguruan espezializatutako atariak behar dira, musika dela edo futbola dela eta abar. Ez dago miraririk; jendeari gustatzen zaiona eman behar zaio, filtratuta, egituratuta eta azkar».

J. BASTERRA

«Gazteengana nola hurbildu izan daiteke gakoetako bat; unibertsitatera jo behar da»

«BERRIA Taldeak egindako lana ona iruditzen zait; hala ere, aipamen bat egitera ausartuko naiz: krisia egon arren, gazteengana nola hurbildu izan daiteke gako bat. Unibertsitatean gazte mordoa ari da, eta hara begiratzea ez legoke gaizki, etorkizunaren zati bat hor baitago. Igual ez dira paperean sartuko, baina Interneten bai; kontua da nola harpidetu hilero diru ekarpena egiteko».

NERE ERKIAGA

«Ezin dugu jokatu hedabide handien antzera; geure eredua eraiki behar dugu»

«Geure egunkaria eraiki behar dugu, sarean eta paperean; geure hori nola lortu da gakoa, nola zabaldu sarea. Egunkaria egunero ez jaso arren, komunitateko kide egin zaitezke, mezenasgo lan bat egin, zeure burua hedabide horretan islaturik ikusteko. Beste eredu bat da, hedabide handien antzera ezin dugulako jokatu, ezin gara haiekin lehian aritu».

JOSE AGUSTIN ARRIETA

«Ez da erraza izango, baina... ea benetako ziztada erabakigarria lortzen dugun»

«Egoera ekonomiko guztiz makur honekin, ez da erraza izango aurrera egitea... Borondatea bai, gogoa ere bai, handia, baina... Ea Jaurlaritza berriarengandik BERRIArentzako benetako ziztada erabakigarria lortzen dugun».

BORDABERRIA

«Internetera birmoldatubehar da, eta egunkaria asteburuetara pasa agian»

«Bideragarri egiteko agian Internetera birmoldatu (Huffington eredua?) eta BERRIA egunkaria asteburuetara pasatu, hor asteko gaiak sakonki azaltzeko? Hori diot diru kontuengatik, baina pozik nago egunero irakurtzen».

ZELAI NIKOLAS

«Erakundeek euskararen erabileraren aldeko politika martxan jarri behar dute»

«Erakunde publikoek euskararen erabileraren aldeko politika martxan jartzen duten heinean, euskal hedabideen beharra azaleratuko da, eta, beraz, bultzatu eta lagundu beharko genituzke euskaraz bizitzeko plangintza instituzionalak. Bestalde, harpidetza ikasleen artean zabaldu eta sustatu beharko litzateke, baita metro edota beste garraio publikoko sarreretan ere, eguneko edo asteko laburpenak oparituz, dagokion harpidetza eskariak «opariaren» bidez banatuz. Gazteengana hurbiltzeko estrategiak landu beharko lirateke, gainera».

IKB BIDEO

«Krisian gaude, baina hedabide on eta profesional bat egiten da, edo akabo»

«Aro digitalean bizi garen arren,uste dugu paperak bere garrantzia eta bere bizia izan behar duela aurrerantzean ere. Krisian murgilduta gaude bete-betean, baina komunikabide on eta profesional bat egiten da, edo akabo. Militantzia ondo dago, behar-beharrezkoa da, baina bermeak gura baditugu, bermatu egin behar da langile taldearen motibazioa —euskaltzale amorratuenak eurak direla ahaztu barik—. Hots, ekonomikoki ere motibatu egin behar ditugu».

JUANJO URANGA

«Komunitateko kide izatea zein garrantzitsua denazaldu behar zaio jendeari»

«Zaila ikusten dut egoera, jende bertsua ikusten dudalako beti proiektua aurrera ateratzeko ekimenetan. Parte hartze hori zabaldu egin behar da, baina ez dakit nola egin daitekeen hori. Harpidedun naiz ni, eta ohartu naiz BERRIAlagun izateari ez diodala askorik erreparatu orain arte. Zer pentsatua ematen dit komunitateko zati izateak. Profil hori zein garrantzitsua den azaldu beharko litzaioke jendeari, denok uler dezagun ezin duela denak doan izan».

IÑAKI IBARRA

«Mezenasgo lanak egiteko prest dauden enpresak topatu behar dira, babesleak alegia»

«Taldeak egon daitezke gai zehatzak irakurtzeko interesarekin, eta jendea egon daiteke mezenasgo lanak egiteko prest, enpresak adibidez. Aukera horiek baliatu behar dira. Babeslearen figura sor daiteke BERRIA Komunitatea handitzeko. Igual zaila da norbanakoek BERRIA atariaren truke ordaintzea, baina babesleak aurkitzea ez».

IÑAKI AIZPURUA

«Gazteei azaldu behar zaie BERRIA ataria hor egoteakzer suposatzen duen»

«Gaur-gaurkoz etorkizuna ez da papera; Interneten asmatu behar da, gazteak baitira etorkizuna. Nire inguruan argi ikusten dut. Bazkidetzaren moduko zerbaitekin asmatu behar da. Gazteek betidanik ikusi dute Internet; uste dute beti hor egon dela, doan. BERRIA ataria edukitzeak gure herriarentzat zer suposatzen duen azaldu behar zaie, gazteei eta gazte ez direnei, denei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.