Denentzako ezkontza eskubidearen aldarria gizarteratuko dute egunotan

Sexu bereko pertsonen ezkontza arautuko duen legearen atarian, aldeko jarrera suspertu nahi dute gizartean

Les Bascos elkarteko kideak, kanpainaren karietara antolatu agerraldian, Baionan. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko lesbiana, gay, bisexual eta transexualak biltzen dituen Les Bascos elkarteak informazio kanpaina bat antolatudu ondoko egun eta asteetan, denentzako ezkontza eskubidearen aldarria gizarteratzeko. Izan ere, Frantziako Ministroen Kontseiluak sexu bereko pertsonen ezkontza arautuko duen lege egitasmoa onartu zuen azaroaren 7an. Francois Hollande Frantziako presidenteak hauteskunde kanpainan agindutakoa bete du, hitzez hitz. Alta, eliza katolikoa eta eskuineko alderdiak xede horren aurkako kanpaina sutsua egiten ari dira.

Alde baten ahotsa bakarrik entzuten dela dio Beñat Gachen Les Bascos elkarteko presidenteak. Ahots guztiak entzun ahal izateko, kanpaina zabala antolatu dute, eta milaka afixa eta ixkilima prestatu dituzte herritarren artean banatzeko. Larunbatean, 16:00etan, elkarretaratzea eginen dute Baionako herriko etxearen aitzinean. Kissing edo talde musukatzea eginen dute bertan. «Erakutsi nahi dugu sexu bereko pertsonen harremanak eta amodioa errealitate bat direla gizartean, eta ez dagoela gorde beharrik» erran du Gachenek.

Lehen bilkura publikoa azaroaren 22an izanen da, Baionan. Informazio publikoa, eztabaidak eta mintzaldiak tartekatuko dituzte, eta artean filmak erakutsi. Azaroaren 29an, Les invisibles (Ikusezinak) filma emanen dute Baionako L'autre zinema aretoaan. Film horren inguruan eztabaida handiak egon ziren Cannesko Zinemaldian (Frantzia).

Abenduaren 1ean, elkarretaratzea eginen dute Miarritzeko kasinoaren aitzinean. Izan ere, egun horretan, Baionako apezpikuak bultzatu duen Biziaren Aldeko Taldeak bilkura publikoa antolatu du han, sexu bereko pertsonen ezkontzaren aurkako kanpainaren barnean. «Ez dugu gatazkarik sortu nahi, baina argi erakutsi nahi diegu hor gaudela, eta gizarte honetako edozein pertsonak duen eskubide berak ukan behar ditugula».

Kanpaina ez da horretan bukatuko. Abenduaren 5ean, bilkura eginen dute Hazparneko Elgar zentroan, eta biharamunean, Uztaritzen. Abenduaren 12an, Maulen izanen dira; abenduaren 19an, Donibane Garaziko Herriko Etxean, eta urtarrilaren 16an, Donapaleun. Bilkura publiko gehiago egiteko asmoa dute, baina oraindik ez dituzte zehaztu egunak.

Berdintasuna eredu

«Ez dugu eskatzen ezkontzaren sakramentua, baizik eta ezkontza zibila egiteko eskubidea, bertze edozein herritarrek bezala, gure haurrek eta gure ingurukoek legearen bermea eta babesa ukan dezaten horri esker», adierazi du Gachenek. Izan ere, ezkontza eskubidearekin batera, haurrak adoptatzeko eskubidea ere aldarrikatzen dute. Orain arte, sexu bereko bikoteek ez dute legez aukerarik izan haurrak adoptatzeko. Bietako batek adoptatu behar zuen haurra, eta bertzeak ez zuen neholako eskubiderik haurrarengan.

Ateka hori ere irekitzeko aukera egonen dela espero dute LGBT taldeek. Elizak kanpaina handia antolatu du horren kontra. Apezpiku batzuek jarrera lasaia erakutsi dute, baina Marc Aillet Baionako apezpikuak jarrera «sutsu eta militantea» hartu duela diote. Jarrera «atzerakoi»horien aitzinean eragile guztien laguntza eta sostengua behar dutela diote.

«Eskubideak ez dira talde batenakbakarrik; gizartean eskubide bat bermatzea lortzen delarik, gizarte osoak hartzen du horren onura», azaldu du Gachenek. Horregatik, beren kanpaina sostengatzera deitu ditu herritarrak, alderdiak, sindikatuak eta elkarteak.

Frantziako Parlamentuak urtarrilean eztabaidatuko du legea; ondoren, senatuak aztertuko du, eta, azkenik, bi ganberen arteko joan-jinak egonen dira legea onartu aitzin. Gibelera egiterik ez dela egonen diote, ezkontzak ezin direlako ondotik baliogabetu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.