Atxiloketak

Denera ustezko bederatzi etakide atxilotu ditu Poliziak: hiru Ipar Katalunian eta sei Euskal Herrian

Jurdan Martitegi eta Alex Uriarte dira Montauriolen atzemandako bi lagun, eta bestearen izena jakin nahian dabiltza (Gorka Aizpitarterena aipatu dute). Gasteizen Asier Ortiz de Ginea, Olaritz Arakama eta Jonathan Guerra atxilotu dituzte, Otxandion Igor Garcia, Bilbon Sergio Bravo eta Errenterian Gorka Iriarte.

2009ko apirilaren 19a
10:14
Entzun
Poliziak atzo arratsaldetik guztira bederatzi lagun atxilotu ditu Ipar Katalunian eta Euskal Herrian, ETArekin zerikusia dutelakoan. Arratsaldean Jurdan Martitegi eta Alex Uriarte atzeman zituen Montauriolen (Ipar Katalunia) eta beste bat ere atxilotu zuen haiekin; hasieran Mikel Orozen izena aipatu zuten polizia iturriek, baina izen hori faltsua zela zioten gero eta Gorka Aizpitarterena aipatu dute -hala den jakin nahian dabiltza gaur-. Ondoren Gasteizen Asier Ortiz de Ginea eta Olaritz Arakama atxilotu zituzten arratsaldean eta Otxandion (Araba) Igor Garcia Otxoa, 23:10ean Bilbon Sergio Bravo Saez. Gauerdian beste bi harrapatu dituzte: Jonathan Guerra Tejero Gasteizen 00:00etan eta Gorka Iriarte Saez Errenterian (Gipuzkoa) 00:35ean.

Montauriolgo alkate Patrick Mauranek gaur esan du hiru lagunak elizaren ondoan atzeman zituztela, "herrira heldu eta ordu batzuetara. Haietako inor ez zen bizi hemen".

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak aginduta egin dute operazioa Espainiako eta Frantziako poliziek. Montauriolen atzemandakoak Montpellierko (Frantzia) polizia etxean dauzkate, inkomunikatuta. Besteak ere hala dauzkate, baina ez da jakin non.

Berri agentziek jakinarazi zutenez, Montauriolen atxilotutakoei hiru pistola atzeman zizkieten, eta bikoiztutako matrikula zeukan autoa zuten. Espainiako Justiziak iaztik zeukan Martitegiren kontrako bilatze eta atxilotze agindua emanda. Poliziaren arabera, ETAko buruetako bat zen gaur egun.

Bost atxilotu astebetean

Guztira bost lagun atxilotu ditu astebetean Frantziako Poliziak. Asteazkenean Itxaso Legorburu atzeman zuten. Parisen dago, epailearen aurretik pasatzeko zain. Hura atxilotu ostean, Gasteizen lana egin zuen taberna eta haren gurasoen etxea miatu zituen Guardia Zibilak. Baita, Orion (Gipuzkoa), Legorburu bizi zen etxea ere. Bien bitartean, Legorbururekin batera zegoen gizonezko baten bila segitzen du Poliziak Frantzian.

Aurretik, joan den asteko ostiralean, Ekaitz Sirvent atxilotu zuten Parisen, Montparnaseko tren geltokian. Hura espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.