Batasunaren ilegalizazioaren haritik, Eusko Legebiltzarreko SA Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko agindu zien erakunde horretako mahaiko kideei. Alabaina, EAJ, EA eta EB-IUko ordezkariek —hurrenez hurren, Juan Mari Atutxa presidenteak, Gorka Knörr lehendakariordeak eta Kontxi Bilbao bigarren idazkariak— uko egin zioten agindu hori betetzeari, Legebiltzarreko araudiak ez duela taldeen desegitea baimentzen argudiatuta.
Ondorioz, Espainiako Fiskaltzak kereila aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarreko Mahaiko hiru kide horien aurka, Auzitegi Gorenaren agindua ez betetzeagatik. Hain justu, EAEko Auzitegi Nagusiak erabaki behar du kereila aintzat hartu edo ez, eta harekin zer prozedura segitu. Epaitegi horretako sala arrunt batean aztertu zuten auzia, baina aretoa osatzen zuten epaileen artean, berdinketa gertatu zen: hots, kereila aintzat hartzearen aldekoak ziren bi, eta kontrakoak beste bi.
Hori dela eta, berdinketa apurtzeko Desadostasun Sala erabakitzea delilberatu zuen Manuel Maria Zorrilla EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakariak. Eratu ere egin zuen Desadostasun Sala, baina CGPJ Espainiako Botere Judizialak bertan behera utzi zuen sala hori —hartarako aukeratutako epaileak Atutxa, Knörr eta Bilbaoren aldekoak zirela iradoki zuen—; Zorrillak Espainiako Konstituzioaren araberako "objektibitate printzipioa" ez zuela bete argudiatu zuen CGPJk.
Atutxaren, Knörren eta Bilbaoren abokatuek, berriz, CGPJren azken erabaki hori datorren astean errekurritu egingo dutela iragarri dute gaur. "Babes judizial eragingarria" bermatzeko Konstituzioaren arauetan oinarrituko dutela errekurtsoaazaldu dute.
Eusko Legebiltzarra / Espainiako Botere Judiziala
Desadostasun Sala bertan behera uzteko CGPJk hartutako erabakia errekurritu egingo dute Atutxak, Knörrek eta Bilbaok
Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide Juan Mari Atutxa, Gorka Knörr eta eta Kontxi Bilbao ez datoz bat Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak, CGPJk, beren kontrako kereilaren auzian hartutako azken erabakiarekin. Ondorioz, errekurritu egingo dute EAEko Auzitegi Nagusiko Desadostasun Sala bertan behera lagatzeko ebazpena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu