Batasunaren ilegalizazioa

Desadostasunaren Sala desegiteko CGPJk hartutako erabakia ez du baliogabetu Auzitegi Gorenak

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ) EAEko Lehen Desadostasunaren Sala desegiteko hartutako erabakia ez baliogabetzeko ebazpena aurkeztu du gaur. Sala horrek Atutxa, Knorr eta Bilbaoren aurkako kereila aztertu behar zuen Sozialista Abertzaleak talde parlamentarioa ez desegiteagatik. Gorenaren ebazpenak dioenez, "ez dago lekurik CGPJren erabakia atzera botatzeko, interes orokorrari egundoko kalteak eragingo zizkiolako bidean den prozesu bat geldiaraztea".

2003ko abuztuaren 13a
15:48
Entzun
Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidentearen, eta Gorka Knörr (EA) eta Kontxi Bilbao (EB-IU) Legebiltzarreko Mahaiko kideen aurkako kereila Bigarren Desadostasunaren Salak ebatziko du, beraz. Sala horrek tramitera onartu zuen Fiskaltzaren kereila, eta SA talde parlamentarioa ez desegiteagatik desobedientzia delitua egin duen ala ez aztertuko du.

Iragan uztailaren 14an, CGPJren Batzorde Iraunkorrak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak osatu zuen Lehen Desadostasunaren Sala bertan behera utzi zuen, "osaketa horrek legea urratzeko aukerak zituela" argudiatuz. Gerora, CGPJren osoko bilkurak Manuel Zorrila EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Lehen Desadostasunaren Sala mantentzeko erabakia baliogabetu zuen. Horren ondorioz, Bigarren Desadostasunaren Sala osatu zen uztailaren 18an. Sala honek Atutxa, Knörr eta Bilbaoren aurkako kereila tramitera onartu zuen.

Hiru kereilatuak helegitea jarri zuten Espainiako Auzitegi Gorenean Lehen Desadostasunaren Salaren desegitearen aurka, baina Gorenak ez du aintzat hartu helegitea, eta CGPJk hartutako erabakia ez du baliogabetuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.