Eliza katolikoaren osasuna sortzen dituen apaiz kopuruaren arabera neurtu behar izan balitz, neke liteke osasuntsu dagoenik sustengatzea, bederen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako barrutian. Izan ere bertan sortutako 60 urtez beherako apaizak 17 baino ez dira izanen 2012an. Argazki ilun horri hodei beltzagoak erantsi behar zaizkio oraindik egoeraren gorriaz jabetzeko: gaur egun ez dago Ipar Euskal Herriko apaizgairik seminarioan eta bederen 2012a arte apaiz berririk ez dela sortuko erran daiteke engoitik.
Odolustea ez da berria, baina Eleizak ez du deus egin egoera bideratzeko. Horrela Ipar Euskal herriko eta Biarnoko eremuak hartzen dituen eleizbarrutian 60 urtez beherako apaizak 656 ziren 1962an, 360 1982an, 187 baizik ez 1992an, eta 91 ziren 2002an. Geroak ez du beherako joera aldatuko, histuko baizik. 2012an 60 urtez beherako 35 apaiz izanen dira 2012an eleizbarrutian. Horien artean 17 izanen dira Ipar Euskal Herrikoak eta bistan dena, guziak ez dira euskaldunak izanen.Hazparneko eskualdean, adibide gisa, bederatzi apaiz zeuden duela sei urte, lau Hazparnen, bana Lekorne, Donamartiri, Aiherra, Beskoitze eta Lekuinen. Orain bost baizik ez dira, bi Hazparnen eta bana Donarmartiri, Aiherra eta Beskoitzen. Altaarestian aipatu apaiz batek 84 urte ditu eta bertze batek 78. Iaz meza ematen zen eskualdeko herri orotan, orain ordea, ezinezkoa da eta mezarik gabe gelditzen den herriren bat behar da, ezinbertzean.Frantziaan ere kopuruak ez dira hobeak. 1970ko hamarkadan 10.000 apaiz gutiago izan ziren eta gaur egun 22.000 gelditzen dira. Joera ez da tokikoa eta zuzenketak sakona beharko du.
Kukuarena
Mende erdiz nagusitu den odolustea begibistakoa da eta zaila da sinestea Elizaren arduradunek ikusi ez dutenik. Zuzenketarik, ordea, ez da egon. «Murruaren kontra goaz zuzenean baina nehork ez du gaia aipatzen, ez da zuzenketarik edo aldaketarik aipatzen», dio Xipri Arbelbide Aiherrako apaizak. Egoeraren saminaren aitzinean Fededunak batasuna sortu zuen kristau talde batek. Euskal Herriko Eleizaren egoera da talde honen kezka nagusia. «Bide berriak xekatzeko ordua ez ote da etorria apaizak nahi baldin baditugu ondoko urteetan?», galdetu du Arbelbidek.
«Entzuten da federik ez dela gehiago», gehitu du Arbelbidek. «Astokeria handia. Jende gutiago dela elizetan egia da, baina joaten direnek badute fedea, katekesietan lanean ari direnak bezala».Aterabidea talde horretan egon daitekeela azpimarratzen du Arbelbidek. Izan ere apaiz ezkonduaren gaia behin eta berriz aipatzen den kontua da, baina Eleizak, aldiz, ez du aztertu nahi izan orain arte.@:Alabainan munduan zehar badaude ezkondutako apaizak, ezkondurik egon arren apaiz funtzioa betetzen dutenak, hala nola Egipto, Jordania, Siria, Palestina edo Iraken. Kasuak kasu, apaiz talde batek eliza anglikanoa utzi zuen emazteak ordenatzen hasi zirelarik. Talde hori eliza katolikora pasatu da eta ezkonduta daude.
«Eleizaren lehen mendeetan elkarte giristinoek beren apaizak hautatzen zituzten. Gizon eta giristino seriosak izatea zitzaien eskatua, aldi bat baizik ez ezkondua izatea. Ez ote dugu hortara itzuli behar beste bidea tapatua denaz gain?» dio Xipri Arbelbidek.
ERLIJIOA
Desagertzear daude apaizak Iparraldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu