Elkarri, Gesto por la Paz, Amnistiaren Aldeko Batzordeak, Senideak, Gernika Batzordea, Herria 2.000 Eliza, Denon Artean, Bakea Orain eta Errenteria-Oreretako Pake taldea elkarrizketetan aritu ziren duela 25 urte, eta Maroñoko akordioa adostu zuten. Han, "elkarrizketa mekanismoek biolentzia adierazpide guztiak ordezkatzea" eskatzen zuten. Urteurrena gogoratu eta balio haiei eusteko, agerraldia egin zuen Foro Sozialak, atzo. Donostian egin zuten agerraldia, Nestor Baterretxearen Bakearen usoa-ren aurrean. Ez zuten kasualidadez aukeratu toki hori: "Gazteenek ez dute jakingo euskal jendarteak bizi izandako tentsio une gogorrenetariko batzuen atze oihal izan zela uso hau", azaldu du Nekane Alzelai bozeramaileak.
Maroñoko elkarrizketetan aritu zirenei aitortza eman die Foro Sozialak, "ezberdintasunak gainditzeari begira elkarrizketaren aldeko apustua egin zutelako". Gaur egun ere horixe behar dela nabarmendu dute, eta haiei ekiteko deia egin. Gainera, ETA desagertuta horretarako baldintza hobeagoak daudelakoan daude.
Arazoak konpontzeko bitarteko bakarra "denboraren joana" izatea ez dutela onartuko ohartarazi dute, eta urrats berriak eskatu dituzte: "Garaia da herritar guztiok, gizarte zibil osoak, beste aurrerapauso bat eman dezan herri honek behar duen bizikidetza demokratikoa eraikitzeko bidean".
Ez dituzte ahaztu biktimak ere. "Aitortza berezia" merezi dutela uste du Foroak, eta gizartea beraiekin zorretan dagoela, "urte luzetan, bakardadea eta aitortza eza" izan dituztelako. Hala ere, haien jarrera ez dela "mendekuzkoa" goretsi du, eta "errespetuan, elkarbizitzan eta adiskidetzean" oinarritutako mezua dutela.