Politika

"Desberdinen arteko gizartea eraikitzeko" sartu da Buesa Fundazioan Imaz

EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari ohia elkarteko Patronatuko kide da gaurtik, eta "konpromiso zibikoa" duela azaldu du. PSE-EEko buruzagia izan zen Buesa, eta ETAk hil egin zuen 2000n.

2008ko azaroaren 26a
15:32
Entzun
Fernando Buesa Fundazioko Patronatuko kide da gaurtik Josu Jon Imaz EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari ohia eta Petronor enpresako presidentea, eta, gaur hark esan duenez, "desberdinen arteko gizartea eraikitzeko" sartu da bertan, "pluraltasuna hartuta oinarri". "Konpromiso zibikoa" duela adierazi du.

PSE-EEko buruzagia izan zen Buesa, eta ETAk hil egin zuen, Gasteizen, 2000. urtean. Ondoren sortu zuten haren izena daraman fundazioa. Honen zeregin nagusiak "indarkeriari zilegitasuna kentzea, euskal gizartearen pluraltasunaren defentsa, eta askatasuna eta elkarrizketa bezalako baloreen sustapena" dira, eta Imazek esan du oinarri horien alde "erabat" dagoela.

Politika munduko hainbat kide ere sartu dira Buesa Fundazioan: Alfonso Alonso PPko parlamentarioa Madrilen, Antonio Rivera PSE-EEko legebiltzarkidea Gasteizen eta Jose Miguel Fernandez EBko legebiltzarkidea Gasteizen. Ramon Saizarbitoria idazlea eta Santiago Bengoa CCOOko idazkari nagusi izandakoa ere badira kide. 28 lagun daude denera Patronatuan.

Natividad Rodriguez, Fernando Buesaren alarguna da elkarteko presidentea, eta "Euskadik proiektu integratzaileak" behar dituela aldarrikatu du, "legeak eta Zuzenbide Estatua errespetatzen dituztenak".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.