Desjabetzeen kontrako egitasmo legegileak 80.000 sinadura falta ditu

Sinadurak biltzen ari dira zenbait eragile, Espainiako Kongresuan hipoteken gaineko lege bat eztabaidatzeko

Elena de la Hera eta Borja Agirre, atzo, Bilbon egindako prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian 8.000 desjabetze inguru izan ziren 2007. eta 2011. urteen artean, EAPN pobreziaren eta giza bazterketaren aurkako Europako sarearen datuen arabera. Espainian, Hego Euskal Herrian, Galizian eta Herrialde Katalanetan, orotara, 350. 000 bat kaleratze izan ziren. «Bidegabeko» egoera horri aurre egiteko asmoz, hipotekaren gaineko legeaeta prozedura zibilaren legeak aldatzeko herri egitasmo legegilea aurkezteko sinadurak biltzen ari dira EAPN eta beste bultzatzaile batzuk. Aste batzuk faltan, 80.000 sinadura falta zaizkie egitasmoa Espainiako Kongresuan eztabaidatzera aurkeztu ahal izateko. Elena de la Hera EAPN Euskadiko bozeramaileak azaldu legez, iniziatibak «gizarte kontzientzia piztea» du helburu: «Sinadurak lortuko ditugula uste dugu, baina pertsonenganako sentiberatzea da garrantzitsuena; bidegabeko lege bat dago, eta jendeak hori jakitea nahi dugu, mobilizatzen has gaitezen: hori baita herritarrok legeak aldatzeko dugun bide bakanetakoa. Izan ere, gizarte presioaren bidez lor daiteke».

EAPNk eta beste zenbait erakundek bultzatuta sortu zen egitasmoa, eta apirilaren 23tik 420.000 sinadura inguru bildu dituzte, legearen gaineko hiru aldaketa proposatuz: bankuari, zorraren truke, etxea ematea eta ordaindu gabeko hipotekaren zatia ordaindu gabe uztea; kaleratzeak bertan behera geratzea;eta alokairu soziala ezartzea. Horren bidez, hipoteka exekutatu dieten pertsonek beren etxeetan bost urtez bizitzen segitzeko eskubidea izango lukete, familiaren hilabeteko diru sarreren %30 ordainduta.

Eskubide urraketa

Egungo desjabetze eta kaleratzeak pairatzen dituzten pertsonek, «zorrarekin arazoa izateaz gain, beren etxebizitza eskubidearen kontrako eraso larria sufritzen dute ez badute ordaintzen; izan ere, gaur egungo sistemak ahalbidetzen du jendea kaleratu ahal izatea, beste ostatu bat ziurtatuta izan gabe», agertu dute bultzatzaileek. Bankuek desjabetutako etxeetako asko hutsik daude. Hori dela eta, herri egitasmo legegileak proposatzen du kaleratze prozesuak geldiaraztea eta alokairu soziala ezartzea desjabetutakoa ohiko etxebizitza dutenei.

Herri egitasmo legegileek, Espainiako Kongresura heltzeko, 500.000 mila sinadura behar izaten dituzte. De la Herak azaldu duenez, EAPN Euskadiko egoitzetan ez ezik, sareko kide diren erakunde guztietan ere sinatu daiteke: «Horrez gain, urriaren 8an, Pobreziaren Kontrako Nazioarteko Egunean, hainbat ekintza egingo ditugu Bilboko Areatzan, eta azalduko dugu herri egitasmo legegilea zer den; berton ere sinatu ahalko da». Horrez gain, www.quenotehipotequenlavida.org atarian ere sinatu daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.